Albisteak

Pertsona helduen euskalduntzean aurrera egiteko ezinbestekoa den erakundeen, toki-entitateen eta euskaltegien lankidetza nabarmendu du Ollo lehendakariordeak

2026-10-02

Beñat Erezuma Adimen artifizialean adituak “Adimen artifiziala euskararen irakaskuntzan: nondik gatozen eta non gauden” hitzaldi akademikoa eskaini du euskara irakasteko 2026-2027 kurtsoaren irekieran

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok pertsona helduak euskalduntzeko bidean aurrera egiteko ezinbestekoa den erakundeen, toki entitateen eta euskaltgien lankidetza nabarmendu du, Nafarroako helduak euskalduntzeko 2026-2027 ikasturte akademikoari hasiera emateko ekitaldian, gaur eguerdian Iruñean egin dena. Bertan, lehendakariordearekin batera egon dira,  euskara irakasteko sektoreko eragileetako ordezkariez gain, Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Beñat Erezuma Arisketa, Teknologia eta Digitalizazio esparruetan espezializatutako irakaslea, Adimen Artifizialaren inguruko aditua. Azken honek “Adimen artifiziala euskararen irakaskuntzan: nondik gatozen eta non gauden” hitzaldi akademikoa eskaini du

Bere hitzetan Ollo lehendakariordeak nabarmendu dituen ideiak ondokoak izan dira. Lehenik eta behin, helduei euskara irakasteko sektoreko eragile guztien ekarpena aintzatetsi du: “ikastegi publikoetan nahiz gizarte-ekimeneko euskaltegietan euskara irakasten duten irakasleen lana, eta euskara ikasten duten milaka ikasleen gogoa zein ahalegina aitortu nahi dut. Helduak euskalduntzeko bidean aurrera egiteko ezinbestekoa da guztiok lankidetzan aritzea: Nafarroako Gobernua eta toki-entitateak, Zubiarte Euskaltegi Publikoa, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza-eskola ofizialak, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala, gizarte-ekimeneko AEK eta IKA euskaltegiak, zein bai&by ikastegia”.

Bestalde, matrikula berrien igoera azpimarratu nahi izan du “2024-2025ean ia 1.400 matrikula izan ziren eta iaz ia 1.900. Hazkundea, beraz, oso nabarmena. Datu pozgarriak dira, Nafarroako Gobernuaren helburuari eta ahaleginari erantzuten dietenak”, adierazi du Ollok.

Azkenik, Ollok zehaztu duenez, Nafarroako Gobernuak hizkuntza politika publikoan egiten ari den ahalegin horrek emaitza onak, “herritarrentzako onurak eta laguntza handiagoa ekartzen segituko duela espero du. Hori da helburua”, Foru Gobernuko Hizkuntza politiken arduradunaren esanetan.

Nafarroako helduei euskara irakasteko sektoreko eragile guztien lana aintzatetsi nahi izan dute Gobernuko arduradunek, bai ikastegi publikoetan edo gizarte ekimeneko euskaltegietan euskara irakasten duten irakasleen lana eta euskara ikasten duten milaka ikasleen gogoa eta ahalegina.

Laguntzak eta doakotasunera egindako urratsak

Denen arteko ahalegin eta lankidetza horri esker, joan den ikasturtean 5.500 inguru izan ziren Nafarroako euskaltegi eta ikastegietan euskara ikasteko matrikula egin zuten herritarrak. Bide horretan jarraitzeko eta pertsona helduek euskaraz ikasteko doakotasunera iritsi daitezen,

Euskarabideak euskaltegietarako dirulaguntzak ere baditu eta hasi berri den ikasturte honetarako 2.800.000 euroko aurrekontua dago bideratuta.

Aintzat hartu behar da ere Euskarabideak urtetik urtera helduek euskara ikasteko dirulaguntzak handituz joan dela, aurten iaz baino 426.000 euro gehiago bideratu ditu: osotara, 1.286.000 euro, iazkoa halako bi baino gehiago. 

Eta, era berean, doakotasunaren aldeko urratsak ematen segitu du Nafarroako Gobernuak. Joan den ikasturtean iragarri zen lehen aldiz A1 mailan % 100era arteko dirulaguntzak emanen zirela. Aurten A2 mailara hedatu da; bi mailatan dago, beraz, doakotasun-aukera hori. Eta gainerako mailetan ere, ikastaroak diruz lagunduta daude.

Adimen artifiziala eta euskara

Ollo lehendakariaren hitzak amaituta, Beñat Erezuma Arisketa Teknologia eta Digitalizazio esparruetan espezializatutako irakasle eta adimen artifizialaren inguruko adituak bizi-bizi dagoen gai bat landu du hitzaldi akademiko batean: adimen artifizialak euskararen irakaskuntzan eskaintzen dituen aukerak eta erronkak. Denbora gutxian, adimen artifizial (AA) sortzailea ariketa bat zuzentzeko tresna izatetik, ikasleak berak etxean darabilen bidelagun izatera igaro da. Euskaltegietan eta hizkuntza eskoletan, ordea, oraindik hastapenetan daude: badituzte AAren inguruko dokumentuak eta gidak, baina praktikara eramateko bidea da egiteke dagoena. 

Teknologiaren eta euskararen inguruan dibulgazio-proiektuak landu eta STEAM zein digitalizazioan aholkularitza-lanak ere egin dituen Erezuma jaunak irakasleari erabakiak hartzeko irizpideak eman ditu: noiz lagun dezakeen AAk, noiz egin dezakeen kalte, eta zergatik den euskararentzat aukera bezainbesteko arriskua teknologia hau kanpoko enpresen menpe uztea.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora