Albisteak
Nafarroako Gobernuak hizkuntza gutxituen ikus-entzunezko ekoizpenari buruzko nazioarteko Campus batean parte hartu du Leeuwardenen
Euskarabideko ordezkariak Leeuwarden (Herbereak) izan dira, Europako hizkuntzen eta ikus-entzunezko ekoizpenaren gaia lantzeko, erakundeen, akademiaren eta sortzaileen ikuspegien arteko iritzi trukeen parte izan dira
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, "Audiovisual Production on Regional and Minority Languages" (Ikus-entzunezko ekoizpena eskualdeko eta gutxiengo hizkuntzetan) Campusean parte hartu du, azaroaren 6an eta 7an, Leeuwarden hirian (Frisia, Herbehereak).
Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakama izan da NPLD - Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak, Coppieters Fundazioak, Noordelijk Film Festival erakundeak eta Frisiako Probintziak (Provinsje Fryslân erakunde publikoak) antolatu duten Campusean.
Jarduerak Europa osoko zinemagileak, ekoizleak eta ikertzaileak elkartu ditu eskualdeko eta gutxiengoen hizkuntzetan ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko esperientziak eta estrategiak trukatzeko.
Europako hizkuntzetan egiten den ikus-entzunezko ekoizpena
Campusaren programa Europako hainbat hizkuntzatako ikus-entzunezko ekoizpenari buruzko hitzaldi sorta batek osatu du.
Anna Jungner-Nordgren NPLDko presidenteak; Iñaki Irazabalbeitiak, Coppieters Fundaziokoak; Eke Folkertsek, frisiar hizkuntzaren probintziako zuzendariak; eta NoFFko ordezkariek eman zioten hasiera Campusaren programari.
Programak, Europako hizkuntzen eta ikus-entzunezko ekoizpenaren gaia lantzeko, erakundeen, akademiaren eta sortzaileen ikuspegien arteko iritzi trukea sustatu du. Zenbait hizlarik, zinemak eta komunikabideek hizkuntza-komunitateen ikusgarritasuna eta harrotasuna sortzeko duten eginkizuna eztabaidatu zuten. Groningen Unibertsitateko ikertzaileek, Deborah Castrok eta Kjelda Glimmerveenek, eskualdeko zinemak turismoan duen eragina aztertu zuten. Orobat, sortu berri den Frisiar Zinema Funtsak babestutako lehen proiektuen iragarpen ofiziala egin zen.
"Memmetaal in Europe" mahai-inguruak hizkuntza-eremu askotako adituak eta komunikabideetako profesionalak bildu zituen, besteak beste, Euskadi (Josu Amezaga), Irlanda (Alan Esslemont, TG4), Sardinia (Tore Cubeddu), Limburg (Guido Franken, CineSud) eta Gales (Heledd Wyn Hardy). Eguneko azken saioak ikus-entzunezkoen arloko EBko politiken ikuspegi orokorra eskaini zuen, Andrea Posthuma (Creative Europe Desk NL), Craig Willis (European Centre for Minority Issues / Plurilingmedia) eta Raquel García Hermida–Van der Walle Europako Parlamentuko kidearen ekarpenekin.
Streaming plataformak eta eskualdeko hizkuntzetan sormen praktikak suspertzeko ekimen publikoei buruz ere aurkezpenak izan dira, Netflix, Amazon, Avila Film eta MyCulture+ plataformen ekarpenak barne. Hizlarietako bat, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria izan da.
Campusean parte hartu duten ordezkaritzen artean Kataluniako, Galiziako, Euskadiko Nafarroako, Galesko, Trentoko, Irlandako, Albaniako, Bretainiako eta Europako beste eskualde batzuetako ordezkariak daude. Ekitaldian, tokiko frisiar zinemagile eta ekoizleen presentzia handia egon da.
NPLD–Coppieters Campusa urtero egiten den ekitaldia da, politikariek, ikertzaileek eta profesionalek hizkuntza politikaren eta kultura ekoizpenaren arloko ezagutzak eta praktika onak partekatzeko foro bat eskaintzen duena
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD)
NPLD (Network to Promote Language Diversity) Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen helburua Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea da, maila guztietako informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean gehiago aintzatesteko.
Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010 ezkero, eta Euskarabidearen bidez parte hartzen du Sareko jardueretan. Estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lan egiten du normalean, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko agintariak, ikerketaguneak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Nafarroako Gobernuarekin batera, eskubide osoko kide dira Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Eta Europako erakunde publiko zenbait, besteak beste, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân), besteak beste.
Azken erakunde publiko hori, Herbehereetako Frisia Probintziako gobernua, hain zuzen, izan da Leeuwardengo campusaren anfitrioia.


