Albisteak
Nafarroako Gobernuak hizkuntza gutxituen bizitasunean gazteek duten eginkizunari buruzko nazioarteko Campus batean parte hartu du Palman (Mallorcan)
Euskarabideak "Sarean Euskaraz" gazteendako jardunaldi-jaialdia aurkeztu du NPLD-Copieters Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen urteroko ekitaldian
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, “Sarean euskaraz” euskarazko kultura digitalaren jaialdi-jardunaldiaren hamar edizioen esperientzia erakutsi du azaroaren 12an eta 13an, Palman (Mallorcan), antolatu den "Shaping the Future of Linguistic Diversity: The Role of Young People" (Hizkuntza aniztasunaren etorkizuna moldatzen: gazteen zeregina) Campusean.
Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendari Paula Kasares eta Azterlanen eta Plangintza Estrategikoaren Ataleko buru Marta Chamorro izan dira NPLD - Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak, Coppieters Fundazioak eta Balear Uharteetako Gobernuak antolatu duten Campusean.
Parte hartu duten ordezkaritzen artean Katalunia, Galizia, Euskadi, Nafarroa, Gales, Trento, Irlanda, Albania, Bretainia eta Europako beste eskualde batzuetako ordezkariak daude. Campusak Europa osoko ikertzaileak, soziolinguistak eta hizkuntza politikako adituak bildu ditu hizkuntza aniztasuna bermatzeko gazte jendeak duen eginkizuna aztertu eta gutxiagotutako hizkuntzak gazteen artean eta mundu digitalean sustatzeko esperientziak eta estrategiak trukatzeko.
Gazteen zeregina hizkuntza aniztasunaren etorkizuna bermatzeko
Campusaren programa Europako zenbait adituren hitzaldiek eta hainbat hizkuntzatako esperientziak agertzeko hitzaldi sorta batek osatu dute.
Anna Jungner-Nordgren NPLDko presidenteak; Iñaki Irazabalbeitiak, Coppieters Fundaziokoak; eta Jaume Bauzà Balear Uharteetako Gobernuko Turismo, Kultura eta Kirol kontseilariak eman zioten hasiera Campusaren programari.
Azaroaren 12an, Catalina Amengual Balear Uharteetako Unibertsitateko ikertzaileak eman du programaren hitzaldi nagusia. Hitzaldiak aniztasun linguistikoaren etorkizuna zehaztean gazteek duten zeregina aztertu du, arreta berezia Balear Uharteetako gazteen artean katalanaren erabileran jarriaz. “Hizkuntzen etorkizuna gazteen etorkizunaren mende dagoenean: gazteria eta katalana Balear Uharteetan” izeneko saioan, botere-harremanek, erronka sozioekonomikoek eta sozializazio digitaleko modu berriek gazteen hizkuntza-aukeraketari, hizkuntzen transmisioari eta hizkuntza minorizatuekiko konpromisoari nola eragiten dieten izan da aztergai.
Ondoko saioek praktika onak erakutsi dituzte. Balear Uharteetako programa batzuk azaldu dira: katalana Hezkuntzaren esparruan sustatzeko programak, musika sormena katalanaren erabilera zabaltzeko bidetzat jotzen dutenak, katalanaren aldeko gizarte elkarteen eragina aztertu dutenak eta katalana ikusgarri egiteko hedabideen, berrikuntza digitalaren eta sortzaileen garrantzia nabarmendu dutenak.
Europako praktika eredugarriak ere agertu dira programan, zehazki, frisiera (Herbehereetako), galesa, sorabiera, suediera eta euskara hizkuntzak sustatzeko burutu direnak.
Azaroaren 13ko jardunari hiru adituren hitzaldiak ekarri ditu. Lehenik, Elin Haf Gruffydd Jones Trinity Saint David Galesko Unibertsitateko ikertzaileak “Gazteak eta hizkuntza minorizatuak eremu digitalean: ebidentziak, praktikak eta politika-erantzunak” hitzaldia eman du. Europako Kontseiluak eskualde eta gutxiengo hizkuntzen babesari buruz egindako azken ikerketan eta hiztun gazteei eta eduki sortzaileei buruzko FOSTERLANG txostenean oinarrituta, hausnarketa egin du hizlariak nola komunikabide digitalek belaunaldi gazteen artean hizkuntzaren erabilera, ikusgarritasuna eta parte-hartzea birmoldatzen ari diren aztertzeko.
Ondotik, Guto Rhun Eduki Digitaleko Komisarioa Galesko ikus-entzule gazteengana galesezko eduki digitalen bidez iristearen gainean aritu da bere hitzaldian. Azkenik, Maria del Mar Vanrell Balear Uharteetako Unibertsitateko ikertzaileak gazteen hizkuntza praktikek hizkuntza politikari buruz adierazten dutenaz hausnartu du.
Jardunaldiaren bigarren egunean erakutsi diren praktika onek hizkuntzek gazteen bizitza digitalean betetzen duten lekuaz aritu dira. Praktika on horietako bat Euskarabideak aurkeztu duena izan da: Sarean euskaraz, gazteendako euskarazko kultura digitalaren jaialdi-jardunaldia.
Sarean euskaraz, kultura digitala euskaraz
NPLD–Coppieters Campusa urtero egiten den ekitaldia da, politikariek, ikertzaileek eta profesionalek hizkuntza politikaren eta kultura ekoizpenaren arloko ezagutzak eta praktika onak partekatzeko foro bat eskaintzen duena. Palman burutu den aurtengo NPLD-Copieters Campusean Euskarabideak Sarean euskaraz gazteendako euskarazko kultura digitalaren jaialdi-jardunaldia aurkeztu du.
Sarean euskaraz kultura digitalaren jaialdi-jardunaldiak hamar edizio bete ditu aurten. Jaialdi-jardunaldietan, gazteak, esperientzia ludiko eta parte-hartzaileen bidez, euskarazko kultura digitalean murgiltzen dira. Tailer eta ponentzia askotarikoek unibertso digitalera euskaratik eta euskaraz hurbiltzeko aukera ematen diete gazteei: musika-autoprodukzioan hasteko tresnak, argazkigintzako teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, neurrira egindako aplikazioak sortzeko tresnak, Adimen Artifiziala, sareko pribatutasuna...
Nafarroan gazteak dira, hain zuzen, euskararen ezagutza ehunekorik altuena duen adin taldea. Gazteen (16 eta 24 urte bitartekoen) artean % 28 euskaldunak dira. Gazteek dute, oro bat, euskararen erabilera tasarik altuena. Halere, kontsumo digitalean eta, oro har, sare sozialetan, euskararen erabilera % 10en inguruan dago eta, beraz, handitzeko tarte handia du.
Hamar edizioetan, 7.000 gazte baino gehiagok parte hartu du Iruñeko Baluarten urtero ospatu den Sarean euskaraz jaialdi-jardunaldian.
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD)
NPLD (Network to Promote Language Diversity) Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen helburua Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea da, maila guztietako informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean gehiago aintzatesteko.
Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010 ezkero, eta Euskarabidearen bidez parte hartzen du Sareko jardueretan. Estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lan egiten du normalean, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko agintariak, ikerketaguneak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Nafarroako Gobernuarekin batera, eskubide osoko kide dira Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Galiziako Xunta eta Balear Uharteetako Gobernua, aurtengo Campusaren anfitrioia. Europako erakunde publikoen artean hauek daude, besteak beste, ordezkatuta: Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân).


