Albisteak

Nafarroako Gobernuak Eskualdetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europar Gutunaren gaineko nazioarteko konferentzia batean parte hartu du Stockholmen

2026-05-08

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko ordezkariak NPLD – Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen Batzar Nagusian izan dira ere, Suediako hiriburuan

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, "25 years of the European Charter in Sweden: Achievements, Gaps and Future Directions in Sweden an Beyond"  (Eurokartak 25 urte Suedian: lorpenak, hutsuneak eta etorkizunerako norabideak Suedian eta harago) izeneko nazioarteko konferentzian parte hartu du, maiatzaren 8an, Stockholmeen (Suedian).

Konferentzia Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak (NPLD – Network to Promote Language Diversity), Stockholmeko Unibertsitatearen lankidetzaz, antolatu du. Nafarroako Gobernua NPLDko kidea da eta ostegun honetan, maiatzaren 7an, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen Batzorde Orokorrean ere parte hartu du.

Nafarroako Gobernuaren izenean, Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak eta Paula Kasares Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren zerbitzuburuak parte hartu dute bietan, bai NPLDren Batzorde Orokorrean, bai nazioarteko konferentzian.

Konferentziak Europa osoko eskualdeko eta gutxiengoen hizkuntza komunitatetako ordezkariak elkartu ditu Eskualdetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren ezarpenaren gaineko balorazioak eta hizkuntzen babes eta sustapen esperientziak trukatzeko.

Hizlarien artean, besteak beste, Anna Solé, Europako Batzordeko aditua eleaniztasunaren arloan; Jürgen Pirker eta Jarmo Lainio, Eskualdetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europar Gutunaren Adituen Batzordeko buruordea eta kidea, hurrenez hurren; eta Eva Pons, Bartzelonako Unibertsitateko ikertzailea.

Eskualdetako edo Eremu Urriko Europako Gutuna

Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna 1992ko ekainaren 25ean onetsi zen Estrasburgon. Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak konbentzio-izaera eman zion, eta urte horretako azaroaren 5ean, Europako Kontseiluko hamaika estatu kidek sinatu zuten, Espainiakoak, besteak beste, zeinak 2001eko apirilaren 9an berretsi baitzuen.

Geroztik, 2001eko abuztuaren batetik aitzina, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna  indarrean dago Espainian; izan ere, berau berretsi duen estatu bakoitzak, berean aplikatzeko betebeharra baitauka.

Eurogutunak, IV. atalean, aplikazioaren jarraipena arautzen du. Hitzarmena berresten duten estatuek txostena aurkeztu behar dute Eurogutunak indarra hartu eta urtebetera. Handik aurrera, txostena hiru urtetan behin egin behar dute. Txosten horiek Europako Kontseiluaren Adituen Batzordeak aztertu eta ebaluatzen ditu. Adituek tokian tokiko informazioa ere bil dezakete bisitetan eta behar bezala legeztaturik dauden elkarteek emandako txostenetatik. Horrekin guztiarekin Adituen Batzordeak bere txostena moldatzen du eta gomendioen proposamena egiten du Ministroen Batzordeak onar ditzan.

Azkenik, txostenak argitaratzen dira Europako Kontseiluaren webgunean, zeinetan Euroitunaren jarraipen prozesu osoa bilduta baitago, estatuz estatu. Orrialde horretan kontsulta daitezke bai Espainiak bidalitako txostenak, bai Europako Kontseiluak egindako ebaluazio-txostenak.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bidez aldizkako txostenak egiten ditu Euroituna Nafarroan aplikatzeaz.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD)

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD – Network to Promote Language Diversity) helburua Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea da, maila guztietako informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean gehiago aintzatesteko.

Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010 ezkero, eta Euskarabidearen bidez parte hartzen du Sareko jardueretan. Estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lan egiten du normalean, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko gobernuak, ikerketaguneak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.

Nafarroako Gobernuarekin batera, eskubide osoko kide dira Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Eta Europako erakunde publiko zenbait, besteak beste, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân), besteak beste.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora