Albisteak

Bi Nafarroen Mintegiak XXI. edizioa ospatu du Auritzen

2026-10-20

Ollo lehendakariordeak euskara, kultura eta historia zaintzeko gonbita egin du, Pirinioetako bi aldeetako nafarrek partekatzen dituzten altxor gisa

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok Bi Nafarren XXI. Mintegiaren itxieran parte hartu du gaur goizean. 2005etik egiten den txandakako topaketa sociokulturala, Pirinioen alde batean eta bestean, aurten Auritzen egin da. 

Bere hitzaldian, Ollo lehendakariordeak "gure hizkuntza komuna, euskara, kultura eta historia Pirinioen bi aldeetako nafarrek partekatzen ditugun altxor gisa" babesteko gonbita egin du.

Era berean, lehendakariordeak bere hitzaldian adierazi du Nafarroako Gobernuak bi komunitateen arteko harremanak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa duela, lotura historiko eta kultural sendoekin; izan ere, bi lurraldeek, zailtasunak zailtasun, elkarrekiko estimu eta errespetu harremana izan dute, eta luzaroan estatu beraren parte izan ziren eta, Nafarroako Erresumaren parte. Ollok hizkuntza komunak, euskarak, elkar-lotura gisa duen balioa ere azpimarratu du.

Bestalde, Europako mugaz gaindiko eta eskualdeko lankidetzaren aldeko apustua ere egin du Ollok, estrategikoki positiboa iruditzen baitzaio bai Foru Komunitatearentzat, bai eragile sozioekonomikoentzat eta bai herritarrentzat. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean parte hartzen du, baita Pirinioetako Lan Elkartean (PLE/CTP) ere. Hala, 2025ean, Lankidetzarako Esparru Akordioa berritu zuen Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekin, 2025-2028 Kanpo Ekintzako II. Planaren "Mugaz gaindiko Nafarroa" lan-ardatzean jasotzen dena. 

Mintegi honen irekiera Sergio Pérez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiak egin du. Bertan izan dira Unai Irigaray Auritzeko alkatea eta Pascal Goñi Terres de Navarre-Nafarroako Lurraldeak elkarteko lehendakaria ere.

Ekimen hau Nafarroako Gobernuak sustatzen du, Nafarroa Behereko udalerri nagusiekin eta kultura-entitateekin batera, "Terres de Navarre-Nafarroako Lurraldeak", adibidez. Mintegiak mugaz gaindiko harremanak estutzeko eta bi lurraldeetako ezagutza historikoak, kulturalak eta hainbat esperientzia partekatzeko aukera ematen du. Iazko edizioa Baigorrin izan zen, 2025eko urrian. 

P lerrotik bi aldeetako euskarara

Jardunaldian zehar, bertaratutakoek Pirinioetako bi aldeetako adituek egindako hitzaldiak entzuteko aukera izan dute.

"Pirinioetako muga Gerra Zibilean eta Gerraostean. P lerroa” izan da Nikolas Zuazua Wegener eta Carlos Zuza Astiz Tesela Arkeologiako arkeologoen hitzaldiaren izenburua. Jarraian, "XIX. mendeko kontrabandista baten aztarnen atzean. Ganix de Macayeri buruzko ikerketa historiko bat" izenburua aukeratu du bere mintzaldirako Alexandre Dupontek, Paris Créteil-eko Unibertsitateko Historia irakasleak. Azkenik, Iñaki Camino Lertxundik, EHUko Euskal Filologiako irakasle katedradunak, "Euskara mugaren bi aldeetan" solasaldiarekin amaitu du egitaraua.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora