Albisteak
Ollo lehendakariordeak AEK gizarte ekimeneko euskaltegi sareko ordezkariak hartu ditu Korrika dela eta
Euskararen aldeko 24. ekimen hau martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta, 2.175 kilometro egin ondoren 11 egunez, horietako bost Nafarroan zehar, martxoaren 29an amaituko da Bilbon
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok harrera egin die berriki AEK gizarte ekimeneko euskaltegien sareko ordezkariei, datorren martxoan, Euskara gara leloa duen Korrikaren 24. edizioa dela eta. Euskararen aldeko ekimen honek 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu 11 egunetan, eta egun horietako bostetan Nafarroatik igaroko da. Martxoaren 19an, ostirala, abiatuko da Zuberoako Atharratze herritik eta 29an, igandea, Bilbora iritsiko da.
Ane Elordi Korrikako arduradunarekin eta Xabi Gartzia AEK-ko Kontseilu Errektoreko kide eta Nafarroako ordezkariarekin izandako bileran Javier Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu du. Bertan Iparraldeko, Nafarroako eta Euskadiko 460 herri ingurutatik igaroko den ekimenaren 24. edizioaren xehetasunak azaltzeko balio izan du.
Korrikak Nafarroako geografia zeharkatuko du martxoaren 20tik 24ra bitartean, Luzaidetik sartu eta Zugarramurditik irtenda. Horrela, lehenik Pirinioetatik eta Zangoza aldetik igaroko da, ondoren Erribera eta Erdialdea, Iruñerria, Lizarraldea, Sakana eta Foru Komunitatearen iparraldea zeharjatuko ditu. Aurtengo edizioan, lurraldearen hegoaldetik igarotzean, Korrikak Errigora menduko du. Lan komunalean oinarritutako herri-ekimena da, Nafarroako erdialdea eta hegoaldea ardatz dituena, eta Erriberako elikagaiei bidea irekitzen die hurbilen dauden lurraldeetan, euskaratik, euskararentzat eta euskaraz.
Aurten, lehen aldiz, gizarte ekimeneko euskaltegien sareak herritarrei Korrikaren alde egindako lanagatik eskerrak eman nahi dizkie Korrika Kulturala proiektuaren bitartez, Euskarabidearen laguntzarekin. Horrela, AEK-k kultur eskaintza bat egingo du, Nafarroa, Euskadi eta Iparraldeko txoko guztietara euskal kulturaren adierazpide ezberdinak eramanez. Proiektu honen ekitaldi nagusia kultur sorkuntzarako beka baten bidez eratuko da.
Gogoan izan behar da aurtengo Korrikarako abestia joan den abenduan aurkeztu zela, Agoizko Kultur Etxean. 'Xiberutikan Mendebaldera' izenburupean, Pello Reparaz musikari nafarrak konposatu eta idatzitako kanta da eta Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek ere parte hartu dute bertan. Era berean, lehen aldia da AEK-k, bere kide guztiek, prozesu demokratiko baten bidez Korrikaren abestia nori enkargatu aukeratu ahal izan duena.


