Albisteak

Nafarroan euskara ikasten duten helduen kopurua % 32 handitu da, aurreko ikasturtearekin alderatuta

2026-01-10

Euskaltegi publikoetako eta ekimen sozialeko euskaltegietako matrikularen gehikuntza are nabarmenagoa da A1 hasierako mailan (% 54), Euskarabideak berezko hizkuntza hori eskuratzeko oztopo ekonomikoak saihesteko eta hiztun berriak sustatzeko asmoz bultzatutako laguntzak indartzearekin batera

Nafarroako euskaltegi publikoek eta ekimen sozialeko euskaltegiek 5.443 ikasle hartu dituzte 2025-2026 ikasturtean, duela gutxi jakitera eman diren behin betiko matrikulazio datuen arabera. Horrek esan nahi du % 32ko gehikuntza orokorra izan dela (maila guztietan), aurreko ikasturtearekin alderatuta, eta gehikuntza hori are nabarmenagoa da A1 hasierako mailan, matrikula % 54 handitu baita, Euskarabideak berezko hizkuntza hori eskuratzeko oztopo ekonomikoak saihesteko asmoz bultzatutako laguntzak indartzearekin batera. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak helduen hezkuntzaren aldeko apustuari eusten dio, adin goiztiarretan hezkuntza sistemari esker –batez ere, D ereduari esker– iristen diren hiztun berriak berreskuratzeko eta finkatzeko oinarrizko ildoetako bat den aldetik. Nastaten azken datuen arabera, 3 urte edo gehiagoko biztanleen % 26,7k dakite euskaraz, eta horrek esan nahi du zenbaki absolutuetan 170.000 nafarrek baino gehiagok dakitela.

Oro har, hiztun berriak gehitzearen aldeko eta, bereziki, Euskarabidetik helduen hezkuntza sustatzearen aldeko apustu estrategiko horrek bi jarduera ardatz ditu: alde batetik, hizkuntzaren beraren informazioa eta prestigioa sustatzea (hainbat sentsibilizazio kanpainaren bidez); eta, bestetik, helduen hezkuntzari dagokionez, zenbait laguntza gaitzea (ikasleei zuzendutakoak, baina baita ikastetxeei beraiei zuzendutakoak ere), irakaskuntza hori eskuratzeko orduan egon daitezkeen oztopo ekonomikoak minimizatzeko, doakotasunaren aldeko joera progresiboari eutsita.

Izan ere, duela hilabete gutxi batzuk, “Euskara orain” kanpaina aurkeztu zen, Nafarroako 34 toki entitatetako eta hainbat herritan kokatutako euskaltegi publiko eta ekimen sozialeko euskaltegietako ordezkariekin batera (Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza eskola ofizialak, eta AEK, IKA eta bai&by euskaltegiak), 16 urtetik gorakoen artean euskararen ikaskuntza sustatzeko.

Kanpaina hori elementu garrantzitsua da departamentuak euskal hiztun berriak prestatzeko garatzen duen estrategiaren barruan. Funtsezko alderdietako bat da administrazio publikoen eta gizarte zibileko erakundeen arteko lankidetza, helburu partekatuak bilatzeko helburua duena.

Euskarabidearen esanetan, erakunde publikoen (Nafarroako Gobernua eta hainbat toki entitate) bultzada eta finantzaketa eta Nafarroako euskaltegi publikoen eta ekimen sozialeko euskaltegien lana funtsezkoak dira derrigorrezko eskolatze adinean ez dauden nafarrek euskara ikas dezaten eta hortik eratorritako aukera guztiak eskuratu ditzaten (sozializazioa, integrazioa, lana, kultura, etab.).
2025eko irailean egin zen azken kanpainaren aurkezpenean, departamentuak aurreratu zuen euskara ikastea erabakitzen duten ikasle helduen kopurua pixkanaka handitzen ari zela; izan ere, azken ikasturteetan matrikula etengabe handitzen joan da.  Zentroen sare horrekin harremanetan jarrita Euskarabideak berriki bildu dituen behin betiko datuek berretsi egiten dute ikasturtearen hasieran aurreratutako behin-behineko gehikuntza hori, eta, azterketa zehatzagoa eginez gero, jauzi kuantitatibo eta kualitatibo handia agertzen dute.

Nafarroako Gobernuak aurrekontua indartuko du

Hala, 2025-2026 ikasturteko matrikula globalaren (hau da, urritik ekainera bitartekoa) gehikuntza % 32koa da, aurrekoaren aldean (egun 5.443 ikasle eta lehen 4.127). Baina arreta hasierako mailari edo A1 mailari buruzko datuan jartzen bada (hau da, hizkuntza hori ikasten hastea erabakitzen duten pertsonei dagokiona), gehikuntza % 54ra iristen da. 2024ko irailean 1.355 matrikula egin ziren maila horretan, eta 2025eko hilabete berean, berriz, 2.091.  Matrikularen gehikuntza Nafarroako eskualde guztietan gertatzen ari da, eta beste autonomia erkidego edo estatu batzuetatik etorritako pertsonen artean ere gehikuntza nabarmena izan da.

Goranzko bilakaera hori bat dator Euskarabideak emandako doakotasunerako urratsekin –oraingoz, A1 hasierako mailan–. Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak aurreikusten du bide horretan sakontzea hurrengo ikasturteetan eta doakotasuna pixkanaka zabaltzea hurrengo mailetan. Horretarako, 2026an nabarmen handituko da Euskarabideak euskara ikasten duten helduentzako laguntzen deialdia finantzatzeko duen aurrekontua, 2025eko 560.000 eurotik 2026ko aurrekontuko 968.000 eurora igaroko baita.

Laguntzen deialdi berria epe laburrean

Eskaeren gorakada handia finantzatu ahal izateko eta A1 mailan matrikula doakoa izatea lortzeko, 2025-2026 ikasturtean maila horretan matrikulatutako pertsonek modalitate berri bat izanen dute 2026ko laguntzen deialdian, zeina laster jarriko baita abian. Informazio zehatza emanen da hura lortzeko jarraitu beharreko urratsei buruz, bai euskaltegien bidez, bai Euskarabidearen webgunearen eta baliabideen bidez.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak euskara oraindik ez dakiten eta ikasi nahi duten 16 urtetik gorako pertsona guztiak animatzen ditu Nafarroako edozein euskaltegi publikotan edo ekimen sozialeko euskaltegietan izena ematera. Horretarako beste aukera bat izan daiteke euskaltegiek urtarrilean irekitzen duten matrikula epe berria, baita aurrerapen teknologikoez baliatzea ere, hala nola INGURA online plataforma. Plataforma hori Eusguneak proiektuari esker garatu da, POCTEFA 2021-2027 deialdiaren barruan, eta aukera ematen du euskararen A1 eta A2 mailak modu erosoan egiteko eta online ikaskuntza mota horretako azken berrikuntzei onura ateratzeko. 

facebook
0
twitter

Atzera
Gora