Albisteak
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, eta Laba elkarteak hitzarmen bat sinatu berri dute euskararen erabilera soziala sustatzeko
Ollo lehendakariordeak euskara publiko berrietara hedatzea duen garrantzia azpimarratu du elkarlan akordio honen baitan, baita nafar gazteriaren ahalduntzea berezko hizkuntza honen bidez gauzatzea duena ere
Nafarroako Gobernuak eta Laba elkarteak lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute euskararen erabilera sozialasustatu eta zabaltzeko asmoz. Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo izan da sinadura ekitaldiaren buru, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari-kudeatzaile Javier Arakamarekin batera, eta Yasmine Khris Maansri eta Igor Lopez de Uralde izan dira Iruñeako gazte euskaldunen elkarte honetako ordezkariak. Akordioak 26.000 euroko aurrekontua izango du 2025 urterako.
Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, kudeatuko duen hitzarmen honek Iruñeko euskaldun komunitatea saretzea eta euskararen erabilera sozialari eragitea izango du helburu. Horrela, euskara publiko berrietara hedatzea izango da Labak landuko dituen ardatzetako bat, hala nola, arrazoi ezberdinak direla medio, Iruñera heldu direnei euskaratik harrera egitea. Esate baterako, migratzaileei zuzendutako Ongi etorri Iruñera egitasmoa.
Bestetik, euskararen inguruan proiektu berriak sortzen laguntzeko egitasmoa dago: Hazitegia bekak. Horietan aholkularitza eta laguntza ekonomikoa eskainiko dira. Labak urtero xede talde, esku hartze eremu edo gai desberdina proposatuko du, eta hori izanen da proiektuek izan beharko duten helburu nagusia. Honekin ere, gazteek proposaturiko egitasmoei lehentasuna emango zaie, gazteen ahalduntzea eta eragiletzaren transmisioa egitea dira proiektu honen hildoak.
Halaber, Euskararen dardara egitasmoa ere garatu ahal izango da, hala nola horren koordinazioa (aholkularitza, gidaritza eta dinamizazioa) ahalbidetuz; proiektuaren zuzendaritza-taldeko langileen gastuak barne hartuz. Hitzarmenak hartzen duen beste ardatz honi dagokionez, baita ere, bitartekaritza eta sustapen jarduerak burutuko dira: Iruñeko eragileekin harremana bultzatu eta elikatu; egitasmo zein proiektu berriak elkarrekin sortzea erraztu; eta euskalduntzeari buruzko foroak antolatu. Honen xede nagusia euskaldun komunitatea saretzea eta euskararen erabilera sozialari eragitea izango da.
Hitzarmenak aurreikusten duen azkeneko ardatza Erupzioa proiektua da. 2025ko lehendabiziko hilabeteetan diseinatu den egitasmoa da, udazkenean zabalduko dena. Aste kulturala, auzoekin harremana hasi, erdigunetik auzoetara eta alderantziz. Hau da, Iruñeko auzo ezberdinetako eragileekin elkarlanean jardutea. Erupzio ardatz honi loturiko komunikazio plana diseinatzea eta euskarriak garatzea posible egingo du hitzarmenak, baita iruditegi eta marka berria landu ere.
Azkenik, aurretik aipatutako ardatzak hartzen dituzten proiektu zein ekintzen inguruko Komunikazioa ere ahalbidetuko du Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo ekintzako eta Euskarako Departamentuarekin sinatutako akordioak.
LABA
Laba Elkartea 2021ean Iruñeko gazte talde batek sortutako proiektua da, batik bat euskararen inguruko jarduera ezberdin eta anitzak Nafarroako hiriburuko gazteriaren artean sustatzeko.
Nafarroako Gobernuak eta Laba Elkartearen arteko hitzarmen hau euskarare inguruan inadarrean dagoen araudiak aurreikusten du. Alde batetik, Euskarari buruzko Foru Legearen helburu nagusiak, euskararen ezagutzari, erabilerari, berreskurapenari, garapenari, sustapenari, eta erabilerari eta irakaskuntzari dagokionez, borondatezkotasun, gradualtasun eta errespetu irizpideen arabera Nafarroan euskarak duen errealitate soziolinguistikoarekin bat dator akordioa. Beste alde batetik, Euskarabideko estatutuetan adierazten den bezala, erakunde autonomoaren eginkizunen artean euskara bizitza sozialeko esparruetan agertu eta erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea daudela zehazten da. Eta azkenik, 2023-2027 legealdiko Nafarroako Gobernurako Programa Akordioak honakoa jasotakoa: komunikabideen arloan, helduen euskalduntzean eta gizarte eta kultura bizitzan, batik bat gazteei zuzendutako programetan, euskara sustatzea.
Sinatu berri den Laba Elkartearekiko hitzarmenak hurrengo abenduaren 31 arteko iraupena izango du.