Albisteak

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, bertso saioak antolatu ditu adineko pertsonen egoitzetan

2025-12-29

Udazken honetan sei bertso jarduera egin dira Nafarroako iparraldeko adinekoen egoitza eta zentroetan, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak Euskarabidearen bitartez antolatuta, egoiliarrei eta senideei euskarazko kultur jarduerak eskaintzeko

Udazken honetan, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, bertsolaritza jarduerak antolatu ditu urrian eta azaroan. Zehazki, sei bertso saioak Lesakako Andra Mari egoitzan, Berako San Jose zahar etxean, Baztango Francisco Joaquin Iriarte egoitzan, Beteluko Amma egoitzan, Lekunberriko Larraun eguneko zentroan eta Altsasuko Aita Barandiaran egoitzan izan dira.

Besteak beste, Euskarabidearen eginkizuna euskarazko eta euskarari buruzko jarduerak antolatzea da. Aurten, lehen aldiz, Euskarabideak adineko pertsonen egoitzetara bertsolaritza programa eraman du. Helburu nagusia adineko pertsonei euskarazko jarduera ludikoa eskaintzea izan da, bertsoek adindunei eragiten dien onura psiko-emozionalaz baliaturik.

Bertsoak adineko pertsonendako bereziki gozagarria den jarduera baita, programa garatzeaz Lanku Bertso Zerbitzuak erakundea arduratu da, ahozkotasunak duen aukeretatik abiaturik. Hauek izan dira programan parte hartu duten bertsolariak, betiere, zahar egoitza bakoitzera bertsolari heldua eta gaztea, gizonezkoa eta emakumezkoa joatea irizpidea izan dela: Lesakako Andra Mari egoitzan Estitxu Arozena eta Kattin Madariaga bertsolariak aritu dira; Berako San Jose zahar etxean Julen Zelaieta eta Ekhiñe Zapiain; Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte egoitzan Alazne Untxalo; Beteluko Amma egoitzan Julio Soto eta Eki Materorena; Lekunberriko Larraun eguneko zentroan Julio Soto eta Kattalin Lizarraga; eta Altsasuko Aita Barandiaran egoitzan, Eneko Lazkoz eta Ekain Alegre.

Proiektuak 7.736,76 euroko inbertsioa ekarri du, Lanku Bertso Zerbitzuak SMrekin sinaturiko kontratu publiko batez bideratuak.

Programaren balorazioan nabarmendu denez, bertso saioen bidez adinekoen osasun psikologikoari eutsi zaio, bertsoek lantzen duten ikuspegi kognitibo eta afektibotik. Izan ere, bertsolaritzak lagunduta, adinekoen memoria landu da, bertso eta pasadizo zaharrak kontatuz eta kantatuz. Bertsoen bidez adinekoen emozioei espazioa eman zaie, usu, tristura iraunkorra bezalako egoera psiko-afektiboak irauliz eta bat-bateko barreak eta zirrarak eraginez. Bertsoek haur nahiz gazte garaia gogora ekarri diete eta emozio ugari esnarazi. Arlo ludikoaren ikuspuntutik, adindunak, eta bereziki euskaldunak, protagonista eta subjektu aktibo bihurtzea lortu da, dakizkiten bertsoak eta pasadizoak kantatzen eta bertsolarientzako gaiak prestatzen.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora