Albisteak
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak euskara kulturaki zein bizikidetza balore gisa sustatzeko eta ikertzeko borondatea berretsi dute
Euskarabideak garatutako hitzarmen honi esker, Nafarroan euskararen transmisioaren eta etorkizunaren inguruko gaiak aztertuko dira, demografia berrietan eta kultura arteko bizikidetzan arreta jarriz
Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak euskara kulturaki zein bizikidetza balore gisa sustatzeko eta ikertzeko lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur, Iruñeko Nafarroako Jauregian izandako sinadura ekitaldian.
Akordio honek, 60.000 euroko aurrekontuarekin, Eusko Ikaskuntzak Foru Komunitatean euskara aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerei jarraipena ematea du helburu. Hitzarmen-sinadura ekitaldian, halaber, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari-kudeatzaile Javier Arakama eta Eusko Ikaskuntzako Nafarroako ordezkari diren Isabel Elizalde eta Elorri Arkotxa izan dira.
Nafarroako Foru-Diputazioa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiekin batera, erakunde honen sortzailea izan zen 1918. urtean. Orduz geroztik, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana estua izan da, lurraldeko kulturarekin eta gizartearekin zerikusia duten gaiak aztertzeko eta zabaltzeko.
Gaur sinatutako hitzarmenak Euskarabidea eta Eusko Ikaskuntzaren arteko jarduera-plana finantzatuko du, bi lan-eremu finkatuz:
Alde batetik, “EzBerdin Berdinak” proiektua, euskal nortasunaren gaineko hausnarketa artistiko bat, euskararen eta euskal kulturaren balioak eta etorkizuna ardatz hartuta. Ikuskizun baten bidez, euskal kulturaren historia, aniztasuna eta transmisioa irudikatzen dira. Ondoren, ikusleari, transmisioak eta kulturen arteko elkarrizketak duten garrantziaz hausnartzeko gonbita egiten zaio, elkarrekintzarako eta eztabaidarako espazio bat sortuz, identitateak, demografia berriak eta euskal kulturaren etorkizuna bezalako gaiak jorratzeko. Ondorioztatutako ideiak txosten batean jasoko dira.
Bestetik, “Elkarbizitzarako zubiak Nafarroan” izeneko proiektua, kultura arteko bizikidetza sustatzea helburu duena. Etorkinek euskararekiko eta Nafarroako nortasun kulturalarekiko dituzten jarrerei eta itxaropenei buruzko informazio kualitatiboa eta kuantitatiboa bilduko da. Etorkinen artean euskararekiko eta nafar kulturarekiko ikuspegi irekia sustatzea lortu nahi da, etorkinei ikaskuntzarako eta parte-hartzerako aukerak sortuz eta aniztasunetik abiatutako integrazio eredu bat indartuz.