Albisteak
Leitzak ARNASETIK lehiaketaren IV edizioko sari banaketa hartu du
Arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek 205 lan aurkeztu dituzte bideosormen lehiaketara
Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) elkarrekin sustatutako Arnasa Gara egitasmoak ARNASETIK bideosormen lehiaketaren laugarren edizioaren sari banaketa ospatu berri du Leitzako nafar herrian. Leihaketak euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko helburua du. Atzo arratsaldean, bost sari banatu ziren Leitzako Herri Aretoan: kategoria bakoitzeko bana (LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4 kategoriak), publikoaren saria eta Leitzako Udalaren saria. 2025eko edizio honetan 205 lan jaso dira 35 udalerri ezberdinetatik, eta 3.500 bozkatik gora izan ditu lehiaketak.
Gogoan izan behar da Arnasa Gara, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk elkarrekin sustatutako egitasmoa, euskararen arnasguneek duten garrantzia agerian jartzea duela helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko. Hala, arnasguneak eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, herrixka, eskualdea, harana…) dira, zeinetan herritarrek beren egunerokoan, gunean bertan dituzten komunikazio harremanak (oinarrizko beharrei lotuak, familiakoak, lagun artekoak, sozialak, administratiboak, eskola girokoak, ekonomikoak…) nagusiki euskaraz garatzen dituzten. Bertako hiztunen hizkuntza-gaitasunari erreparatuta, gehienek euskara dute errazen/ongien erabiltzen dakiten hizkuntza eta horrek hizkuntzaren transmisioa gizarte bizitzak bermatzea ahalbidetzen du belaun arteko eta belaun barneko elkarrekintzetan.
Sari banaketa eta irabazleak
Atzokoan Leitzako Herri Aretoan ospatutako sari banaketa ekitaldia Maria Blancok eta Malen Altunak aurkeztu zuten eta bertan erakunde antolatzaileetako ordezkariak izan ziren: Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren izenean; Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren izenean; Dabid Anaut, UEMAren izenean eta Maider Amantegi, Leitzako Udalaren izenean. Gainera, Leitzako bertso eskolatik ere emanaldia eskaini zuten eta horren ondoren otamena eskaini da bertaratu ziren guztientzat.
Guztira, bost sari banatu ziren. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak 500 euroko saria izan du (guztira hiru). Horrez gain, 500 eurotan ere, Publikoaren saria banatu da, 3.500 bozkaren bidez erabaki dena. Eta azkenik, Leitzako Udalak herriko lan bat ere saritu du. Sariak, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan edo ikasleek beren ikas-bidaian gastatzeko bonuak izan dira.
Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, David Anaut UEMAko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik, Ikaztegietako Herri Eskolako ikasleek jaso zuten saria “Atzo eta Gaur Baliarrain-Ikaztegieta” bideoagatik. DBH 1-2 kategorian, Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen eskutik, Mutriku BHI-ko ikasleek jaso zuten saria “Mutriku Arnasetik” bideoagatik. Eta DBH 3-4 kategorian, Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Amazabal BHI ikastetxeko ikasleek jaso zuten saria “Leitza Herrimina” lanagatik.
Bestalde, publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, berriz, Berriatua Herri Eskolako ikasleek irabazi zuten “Erberako ume zapuk” bideoari esker. Eta azkenik, Leitzako Udalaren saria Amazabal BHI-ko ikasleek jaso zuten “Euskara Arnastuz” lanagatik. Saria Maider Amantegi Leitzako udal alkateordeak banatu zien. Finalistak Anoeta, Doneztebe, Errezil, Gernika, Markina-Xemein eta Ispasterreko ikasleak izan dira.
Nafarren parte hartzari dagokionez, Areso, Doneztebe, Etxarri Aranatz, Igantzi, Lakuntza, Lesaka eta Urdazubiko lanak jaso dira aurtengo edizioan. Horien artean, Doneztebeko ikasle-taldea finalera iritsi zen.
Hiru gai nagusi
Arnasetik Lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei dago zuzendua, baita arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei ere. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izan da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.
Lehiaketa adinaren araberako hiru kategoriatan banatu da eta horietako bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu dituzte gazteek.
Horrela, LH 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu dituzte. DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean sartzeko casting batera aurkeztu eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu dituzte. Eta DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu dute, haien herria uztekotan, zer sumatuko zuten gehien faltan.
Arnasa Gara proiektua
Esan bezala, Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren baitan kokatzen da. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk sustatutako proiektua da eta helburu du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Euskararen arnasguneak diren udalerri gehienak UEMAn biltzen dira. Nafarroako udalerri hauek dira UEMAko kide: Araitz, Arantza, Arano, Arbizu, Areso, Arruazu, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Bera, Donamaria, Doneztebe, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Goizueta, Igantzi, Ituren, Lakuntza, Larraun, Leitza, Lekunberri eta Lesaka.


