Albisteak

Hasi berri da Sarean euskarazen X. edizioa Nafarroa osoko 1.100 ikasleren parte-hartzearekin

2026-10-13

Ollo lehendakariordea, Euskarabidearen-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, antolaturiko jardunaldi-jaialdian izan da, Baluarten

Nafarroako 19 ikastetxetako 1.100 gazte Iruñean bilduko dira gaur, bihar eta ostiralean (urriak 13, 14 eta 16an), Baluarten egingo diren Sarean Euskaraz programa jardunaldietan. 

DBHko 4. mailako ikasleen artean euskara eta kultura digitala uztartzea helburu dute. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak bisita egin dio, Baluarten, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak sustatutako ekimen honi. Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailearekin alboan.

Lehendakariordeak nabarmendu du, "Sarean euskarazen hamargarren urteurrenak bi berrikuntza ekarri dituela: alde batetik, Iruñerriko ikasleei ez ezik, Nafarroa osoko ikasleei ere eskainiko zaiela eta, beste aldetik, bi egunekoa zen jardunaldia hiru egunetara luzatu dela”.

9:00etatik 13:45era bitarte, ikasleak hiru eremutan banatuko dira eta hiruetatik igaroko dira: IKAS gunetik (tailerrak), ERA gunetik (hitzaldiak) eta JOLAS gunetik (ludikoa). Hala, ikasleek diziplina askotariko programazioa izanen dute goizean zehar: zortzi tailer tresna digitaletan trebatzeko eta horien benetako aplikazioak ulertzeko; bi hitzaldi interaktibo aztarna digitalari buruz hausnartzeko eta sare sozialetan arduraz jokatzeko; zozketak, scape roomak eta zuzeneko musika.

Horretaz gain, parte-hartzaileek aukera izanen dute argazkigintza-teknika berrien eta musika-autoekoizpenaren unibertsoan murgiltzeko. Halaber, robotika, bideo-jokoak, errealitate birtuala, neurrira egindako aplikazioak sortzeko tresnak, Adimen Artifiziala edo Sareko pribatutasuna eta harremanak landuko dituzte.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) eskarmentua duten profesionalek gidatuko dituzte jaialdi-jardunaldietako jarduerak, erakunde parte-hartzaileak hauek direla: ERAGIN komunikazioa, TALAIOS kooperatiba, MUNDU BERRIAK sexologia zentroa, CODESYNTAX, PROTOMAKERS kluba, KATUBI ikus-entzunezkoak, BIKONET telekomunikazio operadorea, GAME ERAUNTSIA euskarazko bideojokoen komunitatea eta Dj MAKALA, besteak beste.

Hiru ardatz eta helburu

Sarean euskaraz unibertso digitalaren erakusleiho handi hau ezaugarritzen duten hiru ardatzak gazteak, euskara eta teknologia berriak dira, eta haren helburuak hauek dira: IKTetan euskararen erabilera sustatu eta bultzatzea, eta gazteei euskarazko kultura digitala ezagutaraztea. Ollo bigarren lehendakariordearen hitzetan: "Euskarak hizkuntza bizia eta etorkizunekoa izan dadin, kalean ez ezik, eremu digitalean ere erabiltzea beharrezkoa da. Horretarako, gazteek IKTetan trebatu behar dute, hartzaile eta kontsumitzailetako ez ezik, sortzaileak ere izan daitezen". 

Ikasbidea gazteendako ahal den erakargarrien izan dadin, Sarean euskaraz programak jardunaldi-jaialdi formatua du, saio didaktikoekin batera beste saio ludiko eta artistikoak ere eskaintzen direla.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora