Albisteak
‘Gora Gora Fest!’ kultur zikloaren 5. edizioa Nafarroako 65 herrietara helduko da aurten euskarazko eskaintza askotarikoarekin
Euskarabideak antolatutako programak ipuin kontalari, antzezlan zein dantza ikuskizun desberdinak eskainiko ditu azaroaren 7tik abenduaren 14a arte
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departementuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, Gora-Gora Fest! 2025 euskarazko kultur zikloaren 5. edizioa antolatu du Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, abenduaren 3an ospatzen dena Nafarroako egunarekin batera. Zikloa Nafarroako 65 herrietara helduko da eskaintza anitzarekin, azaroaren 7 eta abenduaren 14ª bitartean. Prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabideko zuzendari kudeatzailea den Javier Arakamak.
Ikuskizun eta jarduera ezberdinek osatuko dute aurtengo programazioa eta aurreko edizioetan bezala, emanaldi guztiak, osotara 10 ezberdin, doakoak izango dira: antzezlanak (horietako batzuk musikalak direnak), magia tailerrak, dantzak, ipuin kontalariak eta beste hainbat. Zikloa antolatzeko kontratu publikoa eskuratu duen enpresa TDiferencia antzerki taldea izan da, lizitazio prozesuaren bidez, eta Euskarabideak programa honetako kudeaketan egindako inbertsioa 60.948 eurokoa izan da.
Bi ildo estrategiko zabalagotan kokatu nahi izan du aurkeztutako kultur zikloa Ollo lehendakariordeak. “Batetik, eta espazioarekin zerikusi zuzena dueña, ekimenak euskarazko kultura Nafarroako lurralde osora eraman nahi du eta, bereziki, landa-eremura eraman nahi du. Jarduera guztiak 3.000 biztanletik beherako herrietan egingo dira, eta nabarmentzekoa da horietako askotan programazio ofizialak ez duela euskarazko kultur jarduerarik barne hartzen. Azken hiru urteetan, ia 6.200 nafar hurbildu dira ziklo kultural honetan proposatutako emanaldiez gozatzera".
Bestetik, eta denborarekin lotuta, "Gora Gora Fest! ez da programa isolatu edo puntuala. Nafarroaren ezaugarri den aniztasun eta pluraltasunetik kultur edukiak sozializatzeko eta partekatzeko apustu estrategiko zabalago eta iraunkorrago baten parte da. Gure apustua, bai honetan, bai ‘Sarean Euskaraz’ bezalako beste batzuetan ere, jarduerak Nafarroako hiriburutik edo ingurutik haratago eramatea da”, adierazi du Ollok
'Gora-gora Fest!' kultur zikloa 2020. urtetik ospatzen da, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskarabideak haurrei, gazteei eta, oro har, familiei kultur ziklo oparoa eskaini nahi baitie, Nafarroa osoan barna gauzatzen dena, eskualde guztietan.
Bestalde, Arakamak adierazi duenez, "kultur ziklo honek arreta berezia eskaintzen die urtean zehar euskarazko kultur jarduerarik programatzen ez duten eta, batez ere, euskarazko kultur eskaintza herri horietara zabaldu nahi duten herriei".
Era berean, azpimarratu duenez, euskararen sustapenak "arreta berezia eskatzen du hizkuntzaren presentzia soziala ahulagoa den eremuetan. Familia horien beharra eta eskubidea da euskarazko kultur eskaintza izatea".
Kultur ziklo honen bidez, Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, euskarazko kultura eskaintza Nafarroako eskualde guztietara eraman nahi du, euskarak nafar lurralde osoarentzat kohesio elementu gisa duen gizarte balioa nabarmenduz. Euskarazko jarduerarik antolatu ohi ez den herrietara euskarazko kultura ekitaldiak eramatea da ziklo honek duen berariazko helburua. Hala bada, hiri handiak nahiz eskualdeburuak baino, herri ertain eta txikiak lehenetsi dira.
Ikuskizunak eta herriak
Aurtengo 'Gora Gora Fest!' kultur zikloaren egitarauak hamar ikuskizun desberdin aurreikusten ditu: ‘Altxor kutxaren bila’, familientzako antzerkia; ‘Bidaia magikoa’, magia tailerra; ‘Dj kaktus’, familia festa; ‘Enperadorearen kondaira’, familientzako antzerkia; ‘Errauskine rock’, familientzako antzerkia; ‘Ez dakizula nola tratatu? Azalduko dizut’, gazte eta helduentzako antzerkia (14 urtetik gorakoentzat); ‘Festa Fiesta party party’, gazte eta helduentzako antzerkia (14 urtetik gorakoentzat); ‘Haragi koloreko tximeleta begiradazalea’, haurrentzako ipuin kontaketa (4-11 urte bitartekoentzat); ‘Munstro tailerra’, ipuin musikala (3-12 urte bitartekoentzat); eta ‘Sorgina txirulina’, ipuin musikala (3-12 urte bitartekoentzat).
“‘Gora-Fora Fest!’ 2025 euskarazko kultur zikloak azaroaren 7tik, ostirala, abenduaren 14ra, igandea, bitartean zeharkatuko du Nafarroa, 65 herrietara iritsiz haur eta gazteendako programazio interesgarriarekin” azaldu du Arakamak.
Herriak ondoko hauek dira: Ablitas, Aibar / Oibar, Baraibar, Ancín / Antzin, Andosilla, Areso, Arizala / Aritzala, Arce / Artzi, Aribe, Berbinzana / Berbintzana, Betelu, Burgui / Burgi, Cabanillas, Caparroso, Carcastillo / Zarrakaztelu, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Cirauqui / Zirauki, Corella, Cortes, Ekai de Lónguida / Ekai-Longida, Erratzu, Erro, Eulate, Ezcároz / Ezkaroze, Falces / (Faltzes), Fontellas, Garínoain / Garinoain, Igantzi, Irañeta, Irurita, Irurtzun, Larraga, Larraintzar, Leoz / Leotz, Lerín / Lerin, Lizarraga de Izagaondoa / Lizarraga Itzagaondoa, Lodosa, Los Arcos, Lumbier / Irunberri, Luquin / Lukin, Luzaide / Valcarlos, Marcilla / Martzilla, Mendavia / Mendabia, Milagro, Noáin / Noain, Obanos, Ochagavía / Otsagabia, Olite / Erriberri, Peralta / Azkoien, Barásoain / Barasoain, Roncal / Erronkari, Salinas de Oro / Jaitz, San Adrián, Sangüesa / Zangoza, Santacara / Santakara, Sesma, Tudela / Tutera, Urdiain, Viana, Cáseda / Kaseda, Zubiri, eta Zugarramurdi.
Ikuskizunak noiz eta non izango diren ikusteko, programa osoa Euskarabidearen webgunean kontsulta daiteke (https://euskarabidea.es/euskara/gora-gora-fest). Baita herri bakoitzeko emanaldiaren afixa lortzeko aukera ere bada jpg idudi formatuan.
Aurtengo Gora Gora Fest! kultur zikloaren komunikazio kanpainak iragarkiak aurreikusi ditu hainbat aldizkaritan, Nafarroako hedabideetan, interneteko prentsan, baita sare sozialetan ere. Kanpaina honetan egindako inbertsioa 43.022,57 eurokoa izan da.
 
           
           
           
          





 Hizkuntzak
 Hizkuntzak 
						
