Albisteak

Euskarabideko ‘Musikariak Ikastetxeetan’ programa 6.400 ikasle baino gehiagorengana iritsi da 2025/2026 ikasturtean 52 ikastetxeren parte-hartzearekin

2026-05-22

Ikasleei euskarazko musika-sortzaileen lana hurbiltzea eta euskarazko kultur prestakuntza eta transmisio proiektua izatea du helburu

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, Musikariak Ikastetxeetan programa Nafarroako 52 ikastetxeetako 6.400 ikasle baino gehiagori hurbildu die 2025/2026 ikasturte honetan. Hala ezagutzera eman du Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak, ostiral honetan Doneztebeko Mendaur DBHIn izan den ekimen honen aurtengo azken saioan, Ines Osinaga musikariak parte hartu duelarik.  

Musikariak Ikastetxeetan 2018an hasi zen hezkuntza eta kultura programa da, ikastetxeei zuzendua. Hasieran Hezkuntza Departamentuaren baitakoa zen, baina 2023/2024 ikasturtetik Euskarabideak kudeatzen du. Ekimenak euskarazko kultur prestakuntza eta transmisiorako proiektua izatea du helburu, eta Foru Komunitateko berezko hizkuntza honen garrantzia azpimarratu nahi du. Ikasleek euskarazko musikariak ezagutu, eta esperientzia eder bat izateko hezkuntza-programa honek hainbat musikariren zuzeneko doinuak eramaten ditu ikasgeletara. Zehazki, Nafarroa osoko DBHko 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoan euskara (A ereduan) eta euskaraz (D eta B ereduetan) ikasten duten ikasleei zuzenduta dago.

Horrela, musika-sortzaileak eskola-orduetan joaten dira ikasgeletara, eta beren esperientzia eta lana kultura-testuinguru jakin batean aurkezten diete ikasleei, beren ibilbidea euskal kantagintzaren barruan kokatuz. Horrela, ikasleek, adibide bat ezagutzeaz gain, azken hamarkadetako euskarazko kultur panoramaren ezagutza globalagoa lortzen dute; zehazki, kantagintzaren arloan.

Ikastetxeen parte-hartze zabala

Aurten, 2025/2026 ikasturtean, 52 ikastetxek parte hartu dute Musikariak Ikastetxeetan programan. Zehazki, 26 Iruñerrikoak dira eta beste 26, Nafarroako beste eskualdeetakoak. Jarraian, herriz-herri, hezkuntza zentroen izenak: Aezkoatik, IESO Garralda DBHI; Altsasutik, IES Altsasu BHI, Seminario Sagrado Corazón de Alsasua, Sakana Ikastola/Iñigo Aritza; Aoiz/Agoitzetik, IESO Aoiz DBHI; Barañaindik, IES Alaiz BHI, IES Barañain BHI; Baztandik, IES Lekaroz BHI; Beratik, IES Toki-Ona BHI; Berriozartik, IESO Berriozar DBHI; Burlatatik, IES Askatasuna BHI, IES Ibaialde BHI; Carcastillo/Zarrakaztelutik, IESO Valle del Aragón DBHI; Doneztebetik IESO Mendaur DBHI; Eguesibarretik, IES Sarriguren BHI; Elorz/Elortzibartik IESO Noáin Elortzibar DBHI; Estella-Lizarratik, IES Tierra Estella / Lizarraldea BHI, Lizarra Ikastola; Etxarri-Aranatzetik, Sakana Ikastola; Fontellasetik, Argia Ikastola; Iruñetik, IES Basoko BHI, IES Biurdana BHI, IES Eunate BHI, IES Iturrama BHI, IES Mendillorri BHI, IES Padre Moret-Irubide BHI, IES Plaza de la Cruz BHI; IESO Iñaki Ochoa de Olza DBHI, IESO Iparralde DBHI, Jaso Ikastola, Colegio Calasanz-Escolapios, Colegio Dominicas Pamplona; Larraintzartik, IESO Larraintzar DBHI; Leitzatik, IES Amazabal BHI; Lodosatik IES Pablo Sarasate BHI; Martzillatik, IES Marqués de Villena BHI; Peralta/Azkoienetik, IES Ribera del Arga BHI; Roncal/Erronkaritik, IESO Ainarak DBHI; San Adrianetik, IES Ega BHI; Sangüesa/Zangozatik, IES Sierra de Leyre BHI, Zangozako Ikastola; Tafallatik, IES Sancho III el Mayor BHI, Garcés Fayos Ikastola, Colegio Escuelas Pías; Tuteratik IES Valle Ebro BHI; Villava/Atarrabiatik, IESO Villava/Atarrabia DBHI, Colegio La Presentación FESD, Paz de Ziganda Ikastola; Zaraitzutik, IESO Ochagavía DBHI; eta Zizurtik, IES Zizur BHI eta San Fermin Ikastola. 

Musikari aniztasuna

Halaber, 52 ikastetxe horietan, euskal kultur eta musika zabaltzeko 191 saio ezberdinetan 31 musikari eta artista ezberdinek parte hartu dute. Besteak beste, Thierry Biscary, Eñaut Elorrieta, Mikel Markez, Paxkal Irigoyen, Maria Rivero Campo, Jon Basaguren, Ines Osinaga, Inun, Mice (Miren Narbaiza), Xabi San Sebastian, Iker Lauroba, Abereh (Erik Berganza), Ibai Osinaga, Zuriñe Hidalgo, Habia (emakumeak), Iñigito Txapelpunk, Antton Aranburu, Julen Goldarazena (Flako Fanki), Xabi Solano, La Basu (Elena Caballero), Esti Markez, Mikel Urdangarin, Aguxtin Alkhat, Ekiza (Jurgi Ekiza), Tristtan Mourguy, Pelax (Pelayo Perez), Rafa Rueda, Joseba Irazoki, Pantxit Bidart, Xatiro (Unai Unda) eta Odei Barroso. 

Erran bezala, Musikariak Ikastetxeetan ekimenak euskarazko kultur prestakuntza eta transmisiorako proiektua izatea du helburu, eta Foru Komunitateko berezko hizkuntza honen garrantzia azpimarratu nahi du. Hala izan da gaur goizean ere Doneztebeko Mendaur DBHIn Ines Osinagak egindako emanaldian.

Musika nerabeak eta gazteak erakartzeko ahalmen handia duen kultura-adierazpena dela kontuan hartuta, ikasleei euskarazko musika-sortzaileen lana hurbiltzea eta euskal kultura ezagutaraztea da programa honen helburu nagusia, ikastetxeei doako eskaintza eginda. Aurten, Euskarabideak 72.580 euroko lizitazio prozesua habiarazi zuen eta Dijitalidadea enpresak kudeatu du aurrekontu hori.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora