Albisteak

Euskarabideak Nafarroako Erdialdeko Partzuergoarekin, TEDER eta CEDERNA GARALUR garapen agentziekin hitzarmen bana garatuko du euskara sustatzeko eragileak kontratatzeko

2025-06-13

Euskarabideko-Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak hitzarmen bana aurkeztu du Nafarroako landa garapenerako hiru erakunderekin: Erdi Zonaldeko Garapen Partzuergoarekin, TEDER - Estellerriko Landa Garapena elkartearekin eta Cederna Garalurrekin

Euskarabideko zuzendari kudeatzailearekin batera, Carmen Puerta, TEDER - Estellerriko Landa Garapena elkartearen presidentea; Aitor Azkona, Erdi Zonaldeko Garapen Partzuergoaren presidenteordea; eta Arantxa Arregi, Cederna Garalur agentziaren presidenteak izan dira. Garapen erakundeen eta Euskarabidearen arteko lankidetza hitzarmen hauek aurkezten diren lehen aldia da.
Lankidetza hitzarmen horien helburua da euskara sustatzeko eragileak kontratatzea bakoitzaren lurralde-eremuan, eta hizkuntza bera sustatzeko jarduera-programa bat abiaraztea 2025ean. Horrekin, Nafarroan hizkuntza-politika publikoak eskualde ezberdinetara zabaltzea eta, horrela, herritarren hizkuntza-eskubideak hobetzea espero da.

Landa garapenerako erakundeak
Estellerriko Landa Garapena - TEDER 1997an sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Nafarroako Foru Komunitateko Hego-mendebaldeko koadrantean dagoen Estellerria eskualdearen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko helburua duena.

Bestalde, Nafarroako Erdi Zonaldeko Garapen Partzuergoa 1996an sortu zen erakunde publikoa da eta eskualdearen garapen integrala eta berdintasunezkoa bultzatzea du helburu, eragile ekonomiko eta sozial guztien parte-hartzearen bidez.

Azkenik, Cederna Garalur elkartea Nafarroako Mendialdean lan egiten duen Tokiko Ekintza Taldea da. 1991n sortu zen Nafarroako Mendialdeko gizarte- eta ekonomia-garapena bultzatzeko, eta, halaber, herritarrak landa-eremura erakartzeko eta bertan bizi direnak geratu ahal izateko.

Euskara sustatzeko eragileak kontratatzea
Euskarabidea – Euskararen nafar Institutuak eginkizun hauek ditu, besteak beste: euskara bizitza sozialeko esparruetan agertu eta erabiltzeko informazio eta sentsibilizazio programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko nahiz pribatuekin lankidetzan aritzea.

Hori horrela, 2025ean, aipatu garapen erakundeekin lankidetza hitzarmena gauzatzeko diru sailak onartu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorretan. Hitzarmenek 2025ean euskara sustatzeko eragile lanpostua sortzea, horretan lanaldi osoan jarduteko teknikari bat kontratatzea eta euskara sustatzeko jarduera programa bat gauzatzea dute xede.

Euskara sustatzeko eragile lanpostua Tokiko Ekintza Taldeari atxikitakoa izanen da eta tokian-tokian euskararen erabilera sustatzea helburu izango du, bai Tokiko Ekintza Taldean berean (erakundeak egiten duen hizkuntza kudeaketan), bai horren eraginpeko lurralde esparruan (tokiko entitateekin eta gizarte eragileekin elkarlanean). Eragileek, besteak beste, Tokiko Ekintza Taldeko langileei hizkuntza-aholkularitza eskainiko diete, Nafarroako Gobernuak euskararen erabilera sustatzeko dituen dirulaguntza deialdien berri emango dute, eta proiektuak edo jarduerak aurkezteko aukerak aztertuko dituzte. Zeregin horretan Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuarekin koordinaturik egingo dute lan.

Kontratatuko diren euskara sustatzeko eragileek unibertsitate gradu bat izan behar dute, bai eta euskaraz C1 maila edo Euskara Gaitasun Agiria (EGA). Euskara sustatzeko eragile lanpostuan jarduteko teknikariak behin kontratatuz gero, Euskarabideak haren funtzioetan trebatzeko prestakuntza berariazkoa emanen die.

Euskara sustatzeko eragilea ez ezik, euskara sustatzeko gauzatuko den jarduera programaren gastu zuzenak ere lagungarriak izanen dira hitzarmenaren barnean.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora