Albisteak

Euskarabideak eta toki entitateek ERA Eskola guraso eskolaren bosgarren edizioa aurkeztu dute

2026-02-19

Estitxu Fernandez psikologo perinatalak; Gotzon Barandiaran euskararen eta bere kulturgintzaren langile autonomoak; eta Saroa Bikandi irakurzaletasuna sustatzeko bitartekari, ipuin kontalari eta haur eta gazte literaturan adituak ematen dituzte saioak

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta Nafarroako hainbat toki entitatek ERA Eskolaren bosgarren edizioa martxan jarri dute, ikastetxean euskara ikasten duten haurren familiei zuzendua. Edizio berri honek euskaraz eta gaztelaniaz grabatutako saioak eskaintzen ditu, pertsona adituek emanak, eta horietan hazkuntzarekin, euskararekin eta hezkuntzarekin lotutako gaiak jorratzen dira. 2020an sortu zenetik, ERA Eskolak familiei lagundu nahi die beren seme-alaben euskara ikasteko prozesuan, eta, horretarako, informazio zorrotza eta baliabide praktikoak eskaintzen dizkie, hizkuntzaren erabilera familian eta eguneroko bizimoduan indartzeko.

Bosgarren edizio honetan familien interesekoak diren zenbait gai jorratzen dira, hala nola haurdunaldian edo ume txiki bat etxera iritsi aurretik “saski linguistikoaren” prestaketa; gurasoak euskarazko kulturgintzaren transmisore gisa duten rola; edo nola irakurri album ilustratuak, horien hezkuntza eta hizkuntza-potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Saioak prestatu eta eman dituzten hizlariak Estitxu Fernandez psikologo perinatala; Gotzon Barandiaran euskararen eta bere kulturgintzaren langile autonomoa; eta Saroa Bikandi irakurzaletasuna sustatzeko bitartekaria, ipuin kontalaria eta haur eta gazte literaturan aditua izan dira. Edizio honetako bideoak euskaraz zein gaztelaniaz daude eskuragarri ERAren YouTubeko kanalean, eta edizio guztietako bideoak era.eus atariko “Gurasoentzako aholkuak” eta “Consejos para padres y madres” ataletan.

ERA Eskola: familiei euskarazko hezkuntzan laguntzea

Euskarabidearen lan-ildoetako bat familiei laguntzea da, euskara haien seme-alaben hezkuntzaren parte izan dadin, gurasoak euskaldunak izan ala ez. Helburua euskaraz ikasteko eta gozatzeko aukerak zabaltzea da, eta familiek hezkuntza-prozesuan duten eginkizunean duten konfiantza indartzea.

Gurasoek erabaki asko hartzen dituzte seme-alaben ongizatea bermatzeko, elikaduraren, lo-errutinen, praktika osasungarrien edo hezkuntza mugen garrantziaren inguruan, besteak beste. Era berean, euskararen ikaskuntzan laguntzeko orientabidea ere bilatzen dute, esaterako, irakurzaletasuna sustatzeko, eskolaz kanpoko jarduerak aprobetxatzeko edota eskolako lanekin laguntzeko. ERA Eskolak erantzunak eta baliabideak eskaintzen ditu eguneroko egoera hauetarako.

Familientzako erreferentziazko ataria

Tokiko erakundeek Euskarabidearen laguntzarekin sortutako eranafarroa.eus web orriak informazioa eta baliabideak biltzen ditu eskolan euskara ikasten duten 12 urte arteko haurrak dituzten familientzat. ERA Eskolako saioez gain, hizkuntza ikasketa prozesua etxean indartzeko material praktikoak eskaintzen ditu atariak.

Gogoan izan behar da ekimen honetan parte hartu duten toki-erakundeak. Hala, ERA Eskola Nafarroako honako udal, mankomunitate eta batzar nagusi hauek sustatzen dute, beren euskara-zerbitzuen bidez: Aoiz / Agoitz, Ansoáin / Antsoain, Valle de Aranguren / Aranguren Ibarra, Valle de Arce / Artzibar, Auritz / Burguete, Valle de Elorz / Elortzibar, Barañáin / Barañain, Baztan, Berrioplano / Berriobeiti, Berriozar, Burlada / Burlata, Cendea de Galar / Galar Zendea, Cendea de Olza / Oltza Zendea, Erroibar / Valle de Erro, Esteribar, Etxauri, Estella-Lizarra, Huarte / Uharte, Lizoain-Arriasgoiti / Lizoainibar-Arriasgoiti, Luzaide / Valcarlos, Orkoien, Pamplona / Iruña, Puente la Reina / Gares, Tafalla, Villava / Atarrabia eta Zizur Mayor / Zizur Nagusia udalak; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Malerreka, Sakana eta Valdizarbe / Izarbeibar mankomunitateak; eta honako batzar nagusi hauek: Aezkoakoa, Roncal / Erronkarikoa eta Salazar / Zaraitzukoa

facebook
0
twitter

Atzera
Gora