Albisteak

Euskarabidea eta Osasunbidea elkarlanean ari dira hainbat osasun-zentrotan euskararen erabilera sustatzeko

2025-12-26

Leitzako Osasun Zentroak euskararen barne erabilera sustatzeko ekimena antolatu du.

Osasun Departamentuaren Hizkuntza Planaren esparruan, eta Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren koordinazioarekin, hainbat pilotaje egin dira eremu euskalduneko osasun-zentroetan, haien hizkuntza-ezaugarriak eta beharrak berariaz aztertzeko, euskararen erabilera hobetzeko jarduketa zehatzak planteatze aldera eta herritarrei ematen zaien arreta elebiduna hobetzeko asmoz.

2022an pilotajea Doneztebeko Osasun Zentroan egin zen eta 2023ko abendutik Leitzakoan lan egin da. Emaitzek berresten dute proiektuak lagundu egin duela euskararen erabilera handitzen, bai barruan, bai kanpoan. Guztira, euskararen erabilera % 22 igo da; % 64an hitz egitetik % 86an hitz egitera igaro da.

Mintzasarea proiektua

Mintzasarea proiektuan gauzatu da ariketa hau. Talde dinamika bat da, borondatezkoa da eta parte hartu ahal izateko gutxieneko euskara ezagutza behar da. Taldearen hizkuntza-ohituretan eragitea du helburu, eta, horretarako, euskara mantenduko duten pertsonak izendatzen dira: EUSLEak. Leitzako osasun-zentroko 14 langilek parte hartu dute eta hizkuntzaren erabilera neurtu da taldearen eguneroko lan naturalean.

Oinarri horretatik abiatuta, eta Elhuyarrek Leitzako osasun-zentroan emandako aholkularitzarekin, lantalde bat eratu da proba pilotua diseinatu eta garatzeko, hainbat lanpostutako profesionalek osatua (erizainak, medikuak, administrariak, psikologoak), zentroan sortzen diren ahozko harremanetan eragiteko helburu nagusiarekin.

Parte-hartzaileek modu positiboan baloratu dute Mintzasarea proiektua, besteak beste, kanpoko harremanetan ez ezik, langileen arteko harremanetan ere euskararen erabilera areagotzeko, euskararen erabilera datuetara ekartzeko eta modu objektiboan aztertzeko.

Hizkuntza Plangintza

Hizkuntza-plangintzarekin lehentasunak ezarri eta euskararen normalizazioan aurrera egin nahi da. Gainera, beste helburu batzuen artean, beharrezko neurriak hartzea aurreikusten du arreta euskaraz jaso nahi duten pertsonak euskaraz izan daitezen, herritarrei idatzizko informazio elebiduna (digitala eta paperezkoa) eskaintzea, eta hizkuntza-paisaiaren errotulazioa eta informazio-elementuak ele bitan izatea herritarrei arreta emateko gune fisikoetan (bulegoak, harrera-guneak...).

facebook
0
twitter

Atzera
Gora