Albisteak
Ollo lehendakariordeak eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak 'Iruñerriko Mintzodromoaren’ laugarren edizioan parte hartu dute
Euskarabideak Iruñerriko euskaltegi guztiekin eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin batera sustatutako ekitaldian, Iñaki Perurena, Albina Stardust eta Amets Aznarez ere izan dira
Lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok ‘Iruñerriko Mintzodromoa’ ekimenaren laugarren edizioan parte hartu du gaur arratsaldean, Iruñerriko euskaltegiek, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua plataformak eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak bultzatutakoa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez. Bertan, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamarekin batera, kirol eta kultura munduko gonbidatuak izan dira, hala nola Iñaki Perurena, Albina Stardust edo Amets Aznarez.
‘Iruñerriko Mintzodromoa’ euskara praktikatzeko hitzordu berezia da. Euskara ikasten ari diren pertsonentzako propio mimoz diseinaturiko topaketa da, hain zuzen ere. Eta helburu bikoitza du hitzorduak: alde batetik, euskaraz hitz egitea, eta bestetik euskaraz gehiago hitz egiteko aukerak ugaritzeko, parte-hartzaileen harreman-sarea handitzea.
Horrela, ekimen hau erakunde zein entitate ezberdinen arteko elkarlanaren emaitza da, ekitaldia Iruñerriko euskaltegi guztiekin batera antolatzen baita. Izan ere, Euskarabidearen eskumenen artean badago euskara bizitza sozialeko esparruetan ager eta erabil dadin programak prestatzea, eta lankidetzan aritzea helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin.
Ekitaldi hauen antolatzaileen artean, ekimen sozialeko euskaltegiak daude, artean AEK eta IKA, eta eremu publikoko Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Zubiarte Euskaltegia artean. Era berean, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak ere antolatzaile lanetan parte hartu du, beraiek baitira Iruñerriko udal eta toki-entitateekin ‘Mintzakide’ programa sortu zutenak.
Sariak eta gonbidatuak
Aurten laugarren edizioa ospatu da eta Euskarabidearentzat, lehenengoa, antolatzaile bezala. Izan ere, Institutuak beharrezkotzat jotzen du euskararen erabilera sustatzea eta babestea, helduen euskalduntzea osatzeko, bai eta hizkuntzaren ikaskuntzan eta sustapenean lan egiten duten erakunde eta instituzio guztien arteko lankidetza estutu eta sustatzea ere.
Aurreko hiru edizioetan 450 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, eta balorazioa oso positiboa izan da urtero. "Mintzodromoak euskara praktikatzeko eta ingurune lasai eta atseginean erabiltzeko aukera ematen die euskara ikasten ari direnei ", gaineratu du Ollo lehendakariordeak.
Gainera, aurten gonbidatu bereziak etorri dira eta sariak zozketatu dira. Iñaki Perurena, Albina Stardust eta Amets Aznarez izan dira aurtengo ekitaldian parte hartzeko izena eman zuten euskaldunekin hitz egitera etorri direnak.
Parte-hartzea
Asteazken honetan Baluarten egin den eta doako izen-ematea izandako ekitaldi honetan parte hartzeko, beharrezkoa izan da aldez aurretik inprimaki digital baten bidez inskribatzea. Horretarako, ‘Iruñerriko IV. Mintzodromoak’ QR kode bat izan du, eta haren edukira telefono mugikorraren bidez sartu ahal izan da.
Aurten, Baluarteko Luneta aretoak "Mintzodromoa" hartu du, 160 lagunentzako lekua duena eta akustika egokia duena euskaraz erabat eta eroso konektatu eta hitz egiteko. Parte-hartzaileak talde txikitan bildu dira, launaka, mahai baten inguruan. Eta 15 minutuz hainbat gairi buruz hitz egin behar izan dute. Denbora hori agortuta, beste talde batera mugitu dira ariketa errepikatzeko, baina solaskide ezberdinekin.
Horrela, euskaraz mintzatzeaz gain, jende berria ezagutzeko aukera izan dute. Izan ere, herritar batzuek sarritan ingurune hurbilean ez dute euskara praktikatzeko pertsonarik, eta ‘Mintzodromoa’ aukera ezin hobea da euskara gehiago praktikatzea ahalbidetuko dien jendea ezagutzeko.
Aurreko ekitaldietako parte hartzaileetako asko euskaltegi batean ikasten ari ziren, baina horietan ikasten aritzea ez da parte hartzeko ezinbestekoa. Edonork parte hartu dezake, baldin eta, gutxienez, B1 maila badu.
Hiru izan dira hizketagaiak, eta horiek mahai bakoitzeko mahai-zapietan jaso dira, hiztunek begi-bistan edukitzeko. Era berean, azpi galdera batzuk ere prestatu dira elkarrizketetan laguntzeko.
Dromo hitz grekoak lasterketarako tokiari buruz hitz egiten du, abiadurari buruz. Eta ildo horretan ere antolatzen da ‘Mintzodromoa’. “Azeleragailua zapaltzeko eguna da, ezagutzatik erabilerara pasatzeko eguna. Igarobide bat ere badelako dromo bat”, adierazi du Arakamak.
Antolatzaileak bat etorri dira euskararen ezagutzatik erabilerara igarotzeko eguna izan dela hau adieraztean, jauzi hori oso garrantzitsua baita hizkuntza bat ikasterakoan. Ezagutza handitzen den heinean, hizkuntza hori erabiltzeko aukerak ere handitzen dira. Eta erabilerak ezagutzan laguntzen du. "Mintzodromoa" bezalako topaketak oso lagungarriak dira lotsa eta beldurrari aurre egiteko eta mihiak askatzeko. Horregatik da ekitaldiaren leloa "tar-tarrean goxo-goxo".