Albisteak

Ollo lehendakariordeak eta Arakama Euskarabideko zuzendariak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko ordezkariak hartu dituzte Nafarroako Jauregian

2025-05-08

Foru Gobernuak Europako berezko hizkuntzen eta kultur aniztasunaren papera azpimarratu du "integrazio eta gizarte kohesiorako balio gisa", NPLDren urteko batzarra dela eta

Nafarroako Gobernuak, Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak ordezkatuta, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko (NPLD) ordezkariak hartu ditu gaur arratsaldean, Nafarroako Jauregian,  beren urteko batzarra dela eta. Iruñean, Europako hizkuntza gutxituetan adituak diren ehun bat lagunek parte hartuko dute gaurtik maiatzaren 9ra bitartean batzar horretako jardunaldietan. Hala, Europako eskualdeetako 15 gobernuk eta 25 erakundek parte hartuko dute, baita unibertsitateek zein hizkuntza-arloko elkarteek ere.

Ollo lehendakariordeak berezko hizkuntzek eta kultura-aniztasunak Europako esparruan duten garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian, "integraziorako eta gizarte-kohesiorako balio gisa". Aste honetan, Nafarroako Gobernuak hainbat ekitaldi egingo ditu "Nafarroako Europaren Astea" dela eta, eta, NPLDren jardunaldiez gain, Katalunia, Euskadi, Galizia, Balear Uharteak, Nafarroa eta Valentziako Komunitateko gobernuen arteko Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordea egin da gaur Iruñean. Batzorde hori Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak hartu du Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan, bi topaketa instituzionalen anfitrioi gisa.

Gaur arratsaldean Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko (NPLD) kideei egindako harrera instituzionalean, Ollo lehendakariordearekin batera, Bartomeu Riera NPLDko presidentearekin eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailearekin hitz egin dute.

Nafarroak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen zuzendaritza-batzordearen eta batzar nagusiaren lan-bilerak hartzen ditu lehen aldiz. Sare horretako kide da 2010 urtetik aurrera, eta, horren aurrean, Ollo lehendakariordeak azpimarratu du Euskarabideak – Euskararen Nafar Institutuak eta ordezkatzen duen departamentu osoak, 2015ean Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika zuzentzeko ardura hartu zuenetik, zeregin aktiboa izan dutela NPLD bezalako foroetan, hau bezala, hizkuntza-aniztasuna Europako balio gisa eta berezko hizkuntzak kohesioaren eta gizarteratzearen oinarri gisa defendatzen dituzten eztabaida-lekuetan.

"Izan ere, gure departamentua osatzen duten beste bi Zuzendaritza Nagusiak Kanpo Ekintza eta Memoria eta Bizikidetza dira, eta esparru horiek erakusten digute joera europeista, aniztasunarekiko eta Giza Eskubide guztiekiko errespetuzkoa, gobernu gisa gure jarduera-ildo guztiak zehaztu nahi dituena", adierazi du Ollok.

Ildo horretan, lehendakariordeak nabarmendu du NPLD baliagarria dela "gure hizkuntzen etorkizuna bermatzeko ditugun erronken aurrean". Era berean, oso positiboki baloratu ditu horrelako politiketan dauden lankidetza-espazioak, hala nola NPLD, "hizkuntza-politikako jardunbide egokiak eta esperientziak trukatzeko foro gisa, eta gure berezko hizkuntzen defentsan aliantzak ehuntzeko eztabaida-leku gisa, Europako politika publikoaren agendan beren lekua izan dezaten".

Bilera Xavier Vila Kataluniako Hizkuntza Politikarako kontseilariarekin

NPLDko kideei harrera instituzionala egin aurretik, Ollo lehendakariordea –Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailearekin batera– Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako kontseilari F. Xavier Vilarekin eta Hizkuntza Politikako bere zuzendari nagusi Roger Serrarekin bildu da. Azken horiek Galeuscako bileran parte hartu duten (Katalunia, Euskadi, Galizia, Balear Uharteak, Nafarroa eta Valentziako gobernuen arteko Hizkuntza Politikaren arloko lankidetza-protokoloa), baita hizkuntza propioak dituzten gainerako erkidegoetako ordezkariekin ere.

Bi erakundeek, Nafarroako Gobernuak eta Generalitateak, hainbat esperientzia eta lan-ildo estrategiko trukatu dituzte Nafarroako Jauregian egindako topaketa horretan, bai eta elkarlanerako aukerak ere, euskara eta katalana bezalako berezko hizkuntzen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Nafarroaren aldetik beharrezko espazio bat izatearen garrantzia nabarmendu da, "berezko hizkuntzen ikuspegitik, biztanleriaren jatorriari dagokionez gero eta plurala eta askotarikoa den gizarte bat aztertzeko" eta "ahalik eta adostasun sozial zabalenak bilatu eta zehazteko, berezko hizkuntza horien sustapenaren inguruan", adierazi du Ana Ollok.

Ildo beretik, F. Xavier Vila kontseilariak esan du bilera "onuragarria" izan dela, "gure gizarteetako egoera soziolinguistikoa eta bi gobernuen lan-ildo nagusiak kontrastatu ditugulako, hala nola helduen irakaskuntza edo hizkuntzaren sustapenaren inguruan adostasun sozialak eraikitzea".

Hizkuntza gutxituetarako garapen iraunkorrari buruzko NPLDren konferentzia

Gogora ekarri behar da ostiral honetan NPLDren 2025. urteko Konferentzia izango dela, irekia eta egitarau osoarekin, "Hizkuntza gutxituentzako bizitasun handiko eremuen garapen iraunkorra" izenburupean. Bertan, hizkuntza gutxituen hiztun kopuru handia duten lurraldeak hizkuntza eta lurralde garapen iraunkorrerako eredu gisa duten balioa aztertuko da. Ekitaldi horretan Europa osoko arduradun politikoak, ikertzaileak eta profesionalak bilduko dira, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Baita ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA), Gales eta Irlandako gobernuetako, Ladin Istitut Kulturaleko, Leitza eta Arantzako udaletako, Euskarabideko eta abarretako ordezkariak izango dira bertan. Iruñeko Tres Reyes hoteleko Enrique IV.a hitzaldi aretoan izango da, eta hitzaldiak gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez entzun ahal izango dira.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak (NPDL) Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea du helburu, maila guztietan informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean hobeto aitortzeko.

Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010az geroztik, eta Euskarabidea  -Euskararen Nafar Institutuaren bidez parte hartzen du sareko jardueretan. NPDLk estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lankidetzan jardun ohi du lan-saioetan, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko agintariak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.

Nafarroako Gobernuarekin batera, eskubide osoko kide dira Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Eta Europa mailan, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru), Irlandakoa (Foras na Gaeilge), Italiako Trento eta Holandako Frisia probintziak (Provinsje Fryslân), besteak beste.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora