Albisteak

Nafarroak Europako hizkuntza gutxituetan adituak diren ehun pertsona inguru hartuko ditu datorren astean, NPLDren Urteko Asamblada dela eta

2025-05-03

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen urteroko topaketak hainbat ekitaldi izango ditu maiatzaren 7tik 9ra, Euskarabidea anfitrioia delarik

Nafarroak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD) urteroko bilera hartuko du datorren astean. Sare horrek Europako hizkuntza gutxituetan adituak diren ehun bat pertsona bilduko ditu maiatzaren 7tik 9ra. Oraingo honetan, anfitrioia Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara departamentua da, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu 2025. urteko Konferentziarako, "Hizkuntza gutxituentzako bizitasun handiko eremuen garapen jasangarria" izenburupean. Halaber, ekitaldiak asteazkenean hasiko dira, hilak 7, harrera instituzional batekin, Nafarroako Jauregian; 8an, jardunaldi tekniko bat egingo da, eta ostiralean, hilak 9, jardunaldi instituzional ireki bat hartuko du, egitarau osoarekin.

Hizkuntza aniztasunari lotutako "Conference" honek, datorren ostiralean, maiatzak 9, Iruñean egingo dena, hizkuntza gutxituen hiztun kopuru handia duten lurraldeak hizkuntza eta lurralde garapen iraunkorrerako eredu izan daitezkeela aztertuko du. Ekitaldi horretan, Europa osoko arduradun politikoak, ikertzaileak eta profesionalak bilduko dira esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko. Era berean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA), Gales eta Irlandako gobernuetako, Ladin Istitut Kulturaleko, Leitza eta Arantzako udaletako, Euskarabideko eta abarretako ordezkariak izango dira bertan. Ekitaldi honetara hurbiltzen direnek hitzaldiak gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez entzun ahal izango dituzte.

Jardunaldia Iruñeko Tres Reyes hoteleko Enrique IV Aretoan izango da, eta goizeko 9: 00etan hasiko da, Mikel Etxebarria NPLDko lehendakariordearen, Anna Sole Europako Batzordeko eleaniztasunean adituaren eta Ana Ollo lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariaren hitzaldiekin.

9:15ean hasiko da Maddi Dorronsoro European Center for Modern Issueseko (ECMI) ikertzailearen irekiera-hitzaldia, "Hizkuntza gutxituak eta eguneroko esperientzien definizioaren bizitasun handiko arloak" gaiarekin. Bigarren hitzaldia Miren Segurola UEMAko ordezkariak emango du, "Arnasguneak: euskara biziberritzeko funtsezko arloak" gaiaren inguruan.

Etenaldi labur baten ondoren, jardunaldia 11:30ean jarraituko da “kasuen panel” batekin. Hala, Sabrina Rasom-ek (Institut Cultural Ladin Majon di Fascegn, Trento probintzia autonomoko Fasa harana, Italia) "Ibar ladinoak laborategi multikultural gisa" gaiaren azalpenarekin; Galesko Gobernuko Simon Brooks-ek "Galesko hizkuntza-garrantzi handieneko eremuak" gaiarekin; University of Wales Trinity Saint David-eko Elin Haf Gruffydd Jones-ek "Komunitate hizkuntzaren biziberritzea: Prositec BRO-ren kasua"; UEMAko Irati Odriozolak eta Leitzako Kristina Urrutiak "Euskara eta kulturartekotasuna Leitzan” gaiari buruz; UEMAko eta Arantzako Udaleko Goizane Aranak eta Leire Mitxelenak "Hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa: Arantzako Hirigintza Planaren azterketa" gaiarekin; eta Irlandako Gobernuko Eoin Ó Droighneain, "Irlandako hizkuntza-plangintzako prozesua: Gaeltacht-en (irlanderazko eskualdeak) bizitasuna babestea".

Azkenik, Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak laburpen bat egingo du eta jardunaldiari amaiera emango dio.

Maiatzaren 7an, harrera ofiziala eta Galeusca Protokoloaren bilera

Jardunaldi horrekin zerikusia duten ekitaldiak maiatzaren 7an, asteazkena, hasiko dira, arratsaldez. Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak harrera ofiziala egingo die Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan NPLDko kide guztiei, herrialde, eskualde eta erakunde horietako hizkuntza gutxituak dituzten lurraldeetatik datozenei, eta ekitaldi horietan parte hartuko dutenei sarearen Urteko Asamblada dela eta. Guztira, Europako 15 gobernuk eta 25 erakundek, hala nola elkarte edo unibertsitatek, osatzen dute sare hori.

Izan ere, arratsalde horretan bertan, beste batzuetan eta beste lurraldeetan egin ohi den bezala, NPLDren urteroko ekitaldi honekin bat eginez, gaur egun estatu mailan hizkuntza-politikan lankidetza-protokoloa osatzen duten autonomia-erkidegoetako hizkuntza-politikako arduradunak ere elkartuko dira: Katalunia, Euskadi, Galizia, Balear Uharteak, Valentziako Komunitatea eta Nafarroa. Bilera horretan, interes komuneko eta Estatuko hizkuntza ofizial guztien bultzadarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dituzte, hala nola Hizkuntzen Kontseiluaren Errege Dekretu Proiektua edo hizkuntza horiek hezkuntzan edo komunikabideetan duten presentziarekin zerikusia duten alderdiak.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD)

Gogoratu behar da Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen helburua Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea dela, maila guztietan informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean aitorpen handiagoa lortzeko.

Nafarroako Gobernua 2010etik da NPLDko eskubide osoko kidea, eta Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuaren bidez parte hartzen du Sarearen jardueretan. Estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lan egin ohi du lan-saioetan, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko agintariak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.

Nafarroako Gobernuarekin batera, eskubide osoko kide dira Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Eta Europa mailan, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân), besteak beste.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora