Albisteak
‘Iruñaldia’ jaialdiaren bigarren edizioak euskal kultur abangoardia aldarrikatuko du: azaroaren 9tik 15era bitarte izanen da, eta hamaika jarduera antolatu dira guztira
Zikloak erreferente handiak eta egungo proposamen berritzaileak uztartzen ditu, eta, besteak beste, ‘Ikimilikiliklik’ ikuskizuna estreinatuko da, Loraldiaren ekoizpen berria
Iruñaldia kultur jaialdiak euskal kulturako proposamen artistiko berritzaileak ezagutzera ematen ditu: aurten bigarrenez eginen da, azaroaren 9tik 15era bitarte, Iruñeko hainbat agertokitan. Diziplina anitzeko jaialdiak zortzi diziplinako hamaika ikuskizun plazaratuko ditu, eta horietatik bostek sarrera librea izanen dute: euskal kulturako erreferente handiak eta sortzaile berrien proposamen berritzaileak uztartzen dituzte eta herritar orori daude zuzenduta.
Iruñeko Udalak eta Loraldiak antolatzen dute jaialdia, Euskarabideak eta Laboral Kutxak babestuta. Programazioaren berritasun nagusiak gaur (asteartea) aurkeztu ditu Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi ordezkariak, pertsona hauekin batera: Javier Arakama Urtiaga Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Maitane Bueno Zabalza Nafarroako Laboral Kutxaren burua eta Amaia Ocerin Ladrero Loraldiko komunikazio-arduraduna.
Jaialdiak euskal kultur programazioan finkatzea du helburu, eta Geroa gaur leloa ardatz hartuta, euskal kultur tradizioa aldarrikatzen du, hura eguneratu, berrinterpretatu, eraiki eta mundu garaikidearekin hartu-emanean jartzeko. Iruña grabitate-zentro bihurtzeko eta hirira sorkuntza garaikideak erakartzeko sortu zen Iruñaldia jaialdia, euskal tradizio, abangoardia eta kultur ekoizpenekin modu naturalean bat eginez.
Aurten, Loraldiak Nafarroako Gobernuaren lankidetza izan du, Euskarabidearen bidez, baita Laboral Kutxaren babesa ere. Halaber, beste eragile batzuen laguntza nabarmendu beharra dago, hala nola NAIZ, Karrikiri, Katakrak, Laba eta Geltoki, jaialdia hirian eta komunitatean errotzen laguntzen baitute.
Programazioaren proposamen artistikoa jaialdiaren nortasunaren isla da. Batetik, diziplina anitzeko jaialdia da, musika, dantza, literatura, antzerkia, zirkua, performancea, gastronomia eta esperientzia digitalak uztartzen baititu. Bestetik, belaunaldien arteko hartu-emana sustatzen du, euskal kulturaren erreferente handien jakintza eta jardunbidea eta sortzaile berrien ahots ausart eta freskoa bateratuta. Hala, programa orekatua eta erakargarria eskaintzen da, gustu eta sentsibilitate guztiendako aproposa.
Jarduerak euskaldunei eta euskal kulturarekin modu naturalean bat egin nahi dutenei daude zuzenduta, eta hiriko bederatzi gune hauetan eginen dira: Gayarre Antzokian, Karrikirin, Elkarren, Katakraken, Kondestablen, Laban, Baluarten, Geltokin eta Iruñeko hainbat kaletan. Sei jarduerarako sarrera erosi beharko da, eta ‘Lorezainek’ prezio bereziak izanen dituzte.
Erabateko estreinaldia
Ikimilikiliklik ikuskizuna 2025eko programazioaren gailurra izanen da, Loraldiaren ekoizpen berriaren erabateko estreinaldia eginen baita. Proposamen artistiko hori murgiltzeko esperientzia liluragarria da, eta azaroaren 14an (ostirala) eskainiko da, Baluarten: euskal kulturaren memoria esperimentala indarberritzen du, duela 50 urteko abangoardia-mugimenduekin elkarrizketa sortuta, betiere egungo mintzaira eszeniko eta teknologikoak abiapuntu harturik. Ekoizpenean hauek hartuko dute parte: Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain eta Itziar Garalucek, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean.
Soinu-esperimentazioari jarraikiz eta Mikel Laboari keinu argi bat eginez, Joseba Irazoki gitarristak Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II) proposatzen du azaroaren 12an (asteazkena), Katakraken; Laboaren ahots-onomatopeiak gitarraren “garrasi” hipnotiko eta zorabiagarri bihurtzen dira.
Markos Gimeno artistaren hitzak eta palindromoak jolasean daude Sukramarkus lanean: azaroaren 13an (osteguna) izanen da, Kondestablearen jauregian, eta musika, umorea eta irudimena uztartuko ditu, hitzekin jolasteko eta artista handia omentzeko gonbidapen ludiko eta zirraragarri batean. Egun horretan bertan, Laban, beste hitzordu bat proposatzen du zikloak: Marcos Morau koreografoak zuzendutako Zakur bat Gaztelu plazan dantza-piezak belaunaldi baten amorrua eta borroka jorratzen ditu, Led Silhouette konpainiak interpretatuta.
Programazioaren barruan, halaber, Zirkozaurre konpainiaren Harreman zirku-ikuskizun garaikidea eskainiko da azaroaren 9an (igandea), Gayarre Antzokian: Bilboko konpainiaren laborategian sortutako zirkua, dantza, euskal musika tradizionala –txistuak protagonismo berezia du–, malabareak eta dantza uztartzen dituen ikuskizun ikusgarria da.
Liburuak, gastronomia eta jaialdiari amaiera emateko hiru hitzordu
Iruñaldia zikloak bi liburu-aurkezpen antolatu ditu: azaroaren 10ean (astelehena) eta 11n (asteartea), biak ala biak arratsaldeko 19:00etan; sarrera librea izanen da. Lehenengo aurkezpenean Josu Goikoetxea idazlearen Lakioa eleberri beltzaren txanda izanen da: heriotza susmagarri baten ikerketan murgiltzen du irakurlea, kazetaritzaren krisiaz eta egiaren tranpez hausnartzen duen bitartean. Beste aurkezpena Karrikirin izanen da: Eduardo Valenciak Sabino Arana Iruñerriko Elkanon Navarro Villoslada 2024 Saria irabazi zuen obra aurkeztuko du, Uxue Rey kazetariak lagunduta. Historia-fikziozko komedia politiko burutsua da, bizikidetzari eta tolerantziari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen duena.
Horrez gain, Zoria eta atzoko zaporea XXII. mendean izenburupean, La Mapatxa antzerki-taldeak eta Geltokiko sukaldeak antzerkia eta gastronomia uztartzen dituen esperientzia eskainiko du azaroaren 14an (ostirala). Ikusleak mahai baten inguruan eseriko dira, zoria, erabakiak eta gizateriaren etorkizuna XXII. mendean aztertzen dituen joko eszeniko batean parte hartzeko.
Azkenik, azaroaren 15ean, larunbatarekin, hiru hitzordu antolatu dira, bi aire zabalean, Udaletxe plazan, eta beste bat, Gayarre Antzokian. Aukeran Dantza konpainiak Aiurri euskal dantza tradizionalaren sustraia eta mugimendu garaikidea uztartzen dituen ikuskizuna aurkeztuko du 12:30ean, Udaletxe plazan, Xabi Aburruzagaren musikaren soinupean. Udaletxe plazan ere Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak Hitzaurrea esperientzia digital eta interaktiboa eskainiko dute, hiria joko-taula bihurtuta: parte-hartzaileek Iruñeko hainbat puntutan zehar beren ibilbide propioa eraiki ahal izanen dute, istorio berezi eta pertsonala sortuz.
Olaia Inziartek itxiko du Iruñaldia: kontzertu intimoa eskainiko du Gayarre Antzokian, eta Zerrautsa izeneko bigarren diskoa aurkeztu eta 2025eko birari agur esanen dio.
2025EKO IRUÑALDIA. AZAROAK 9 – 15
Azaroak 9, igandea. Gayarre Antzokia. 18:00etan
Harreman. Zirkozaurre Konpainia. Zirkua, dantza eta musika
Sarrerak: 10-15 € / 12 €
- Azaroak 10, astelehena. Elkar. 19:00etan
- Josu Goikoetxea idazlearen Lakioa eleberriaren aurkezpena
- Sarrera librea
- Azaroak 11 ,asteartea. Karrikiri. 19:00etan
- Eduardo Valenciaren Sabino Arana Iruñerriko Elkanon obraren aurkezpena, Navarro Villoslada 2024 Sariaren irabazlea
- Sarrera librea
- Azaroak 12, asteazkena. Katakrak. 20:00etan
- Gitarra Lekeitioak (Onomatopeikoa II), Joseba Irazoki gitarristaren eskutik
- Sarrerak: 10 € / 8 €
- Azaroak 13, osteguna. Laba. 19:00etan
- Zakur bat Gaztelu plazan dantza-ikuskizuna, Led Silhouette konpainiaren eskutik
- Sarrerak: 8 € / 6 €
- Azaroak 13, osteguna. Kondestablen 20:30ean
- SUKRAMARKUS performance ludikoa, Maite Arroitajauregiren eskutik (Mursego)
- Sarrera librea
- Azaroak 14, ostirala. Baluarte. 19:30ean
- Ikimilikiliklik (estreinaldia). Iñaki Salvador, Oreka Tx, Libe Garcia de Cortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce. Musika, poesia, ikus-entzunezkoak eta txalaparta
- Sarrerak: 18 € / 15 €
- Azaroak 14, ostirala. Geltoki. 22:15ean
- Zoria eta atzoko zaporea XXII. Mendean: antzerkia eta gastronomia uztartzen ditu, La Mapatxa antzerki-taldearen eta Geltokiko sukaldearen eskutik
- Sarrera: 25 €
- Azaroak 15, larunbata. Udaletxe plaza. 12.30ean
- Aiurri, Aukeran Dantza konpainiaren ikuskizuna
- Sarrera librea
- Azaroak 15, larunbata. Udaletxe plaza. 18:00etan
- Hitzaurrea esperientzia digitala, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren y Fikzio Fabrikaren eskutik
- Sarrera librea
- Azaroak 15, larunbata. Gayarre Antzokia. 20:00etan
- Zerrautsa. Olaia Inziarteren kontzertua
- Sarrerak: 19 € / 15 €