Albisteak
Euskarabideak Jose Luis Erdozia hizkuntzalari etxarriarraren lanaren lagapena jaso du Nafarroako Euskararen Mediatekaren funtserako
Ollo lehendakariordeak, Etxarri Aranazko euskararen erregistro alokutiboa, hau da, hitanoa biltzen duen lanaren lagapena eskertu du Gobernuaren izenean
Nafarroako Gobernuak Jose Luis Erdozia Mauleon hizkuntzalariaren ‘Ai, hau pena nik!’ ikus-entzunezkoaren lagapena jaso du. Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari eta bigarren lehendakariordeak eta Javier Arakama Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak Jose Luis Erdozia hartu dute Nafarroako Jauregian ikertzaileak Etxarri Aranazko euskararen erregistro alokutiboaren edo hitanoaren ezaugarriak erakusten dituen lana aitortu eta ikus-entzunezko dokumentu hori Euskarabideari laga izana eskertzeko.
‘Ai, hau pena nik!’, 50 minutuko iraupena duen ikus-entzunezkoa, 2024an grabatu zen Etxarri Aranazko hizkeraren erregistro alokutiboaren ezaugarriak eguneroko egoera komunikatiboetan nola erabiltzen ziren erakusteko. Euskararen erregistro alokutiboa edo, emakumezkoekiko noka eta gizonezkoekiko toka, orain hamarkada batzuk etxarriarren arteko elkarrizketetan usu erabiltzen bazen ere, egun, eta batik bat emakumezkoekiko noka, 60 urte baino gutxiagoko euskaldunek dagoeneko ez ohi dute erabiltzen. Etxarri Aranazko euskararen ezaugarri hori galtzear ikusteak bultzatu zuen Jose Luis Erdozia hizkuntzalari etxarriarra herriko erregistro alokutiboaren forma horiek ikus-entzunezko lan batean dokumentatzera.
Filma Gerra Zibilaren ondoko urteetako bizimodu tradizionalean giroturik dago. Industriarik eta irrati-telebistarik ez zen eta laborantza zein baso lanak ziren jarduera nagusiak. Etxarri Aranatzen kokatua bada ere, filmean garaiko Sakanako herri gehienetan suertatzen ziren egoerak agertzen dira.
Ikus-entzunezkoan eguneroko egoera batzuk agertzen dira, betiere pasadizo umoretsuak, etxarriarrek beren artean toka eta noka aritzen direla. Horren erakusgarri: andreek etxeko arropak lixutokian (edo lixibalekuan [lavadero]) garbitzen zituztelarik, emakumeen arteko elkarrizketak jasotzen dira; edo Casa Leten, herriko tabernarik ezagunenean, gizonen artean gertatzen zirenak.
‘Ai, hau pena nik!’ ikus-entzunezkoan Etxarri Aranazko hamaika lagunek aktore lanetan parte-hartu dute. Nabarmentzekoa da filmak hiru bertsio dituela: bat, Etxarri Aranazko euskararen aldaeran edo etxarriera hutsean; beste bat, etxarriera hutsean batuko erregistro alokutiboko azpidatziez lagundurik; eta, hirugarrena, etxarriera hutsean batuko erregistro arrunteko azpidatziak dituena.
Jose Luis Erdozia hizkuntzalaria
Jose Luis Erdozia (Etxarri Aranatz, 1956ko ekainaren 21a) Historia eta Geografiako lizentziaduna eta Euskal Filologiako doktorea da. 2005etik Euskaltzaindiko Euskalkien Lantaldeko kidea da eta 2006an euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Ikerketa arloa Sakanako euskara du Erdoziak. Aldizkari akademikoetan 25 artikulu argitaratu ditu eta, horretaz aparte, sei liburu, guztiak Sakanako euskarari eta toponimiari buruzkoak, besteak beste: Sakana erdialdeko euskara (2001, doktore tesia), Sakanako hiztegi dialektologikoa (2004), Sakana erdialdeko bitxikeriak: esaerak eta beste (2004), Altsasuko euskara (2006), Sakanako hizkeren araberako idazkera batua (2007), Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala (2019).
Nafarroako Euskararen Mediateka
Nafarroako Euskararen Mediateka Euskarabidearen proiektu bat da, sarbide librekoa, eta bertan Foru Komunitateko euskararen moldeetan jaso diren materialen corpus handi bat kontsulta daiteke. Material corpus hori audio eta ikus-entzunezko grabazioak dira, bai testu idatziak ere.
Mediatekaren bidez, Nafarroako euskarazko hizkeretako material ahozkoen eta idatzizkoen funts zabala interesaturik egon daitekeen edonoren eskura jartzen da, interes hori ikerkuntzatik, irakaskuntzatik edo euskararekiko jakin-min orokorretik heldu dela ere.
Azken urteotan Euskarabideak Nafarroako Euskararen Mediaketarako zenbait funtsa eskuratu ditu. Horietako batzuk dohaintzak edo lagapenak izan dira: Koldo Artola etnolinguistak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Nafarroan egin zituen audio grabazio guztien corpusarena, edo oraingoa, Jose Luis Erdozia hizkuntzalariaren ikus-entzunezkoarena. Bertze kasu batzuetan, ikus-entzunezko dokumentuak Nafarroako Euskararen Mediatekan zabaltzeko hedatze eskubideak erosi ditu Euskarabideak. Hala gertatu da bi kasu hauetan: Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ‘Bortzirietan 70eko eta 80ko hamarkadetan euskararen biziberritze prozesua’ dokumentala, euskara berreskuratzeko eta biziberritzeko egin zen prozesua jasotzen duena; eta Irurtzungo Aizpea elkartearen ‘Irurtzun, bost hamarkada euskaraz ikasten eta eraikitzen’ dokumentala, 1975ean Irurtzungo familiek Atakondoa eskolan D eredua sortzeko egin zuten ahalegina ezagutzera ematen duena.
Bestalde, azken urteotan, Euskarabideak euskarazko ondare materiagabea hedatzeko garatu duen hainbat proiektu ere erakusten dira Mediatekan, esaterako: Mattin eta Kattalin, Nafarroan jasotako haur-folklorean oinarritutako bideo ludikoen bilduma; edo Mintzoak gelara, ikasgeletan ahozko ondarea erabiltzeko material didaktikoa.


