Albisteak

6.219 ikaslerengana eta 49 ikastetxetara helduko da aurten ‘Musikariak Ikastetxeetan’ programa, Euskarabideak kudeatua

2025-05-02

Ikasleek euskarazko musikariak ezagutu, eta esperientzia eder bat izateko hezkuntza-programa honek, besteak beste, artista hauen zuzeneko doinuak ekarri ditu ikasgeletara: Olaia Inziarte, Odei Barroso, Idoia Asurmendi, Antton Aranburu, Ines Osinaga, Jon Gurrutxaga, Maite Larburu zein Jon Basaguren

‘Musikariak Ikastetxeetan’ programa kulturala, gaur egun Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuak kudeatutakoa, 2018-2019 ikasturtetik abian da Nafarroako ikastetxeetan, eta DBHko 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoan euskara (A ereduan) eta euskaraz (D eta B ereduetan) ikasten duten ikasleentzako da. Ikasturte amaiera honetan, lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok hezkuntza-programak ikastetxeetan izan duen harrera ona nabarmendu du, Olaia Inziartek Burlatako Askatasuna BHIko ikasleen aurrean egindako emanaldian. Osotara 191 saio egingo dira Nafarroako 49 ikastetxetan, eta programa 6.200 ikasle baino gehiagorengana helduko da.

Kultura eta hezkuntza-programa honetan parte hartu duten ikastetxeek, bai Iruñerrian, bai Nafarroako beste eskualdeetan, proiektu honen arrakasta nabarmendu dute, eta artistak zein ikasleak prest egon dira saioetan parte hartzeko. Kontuan hartu beharreko datu bat da lehen urtean –2018an– parte hartu zuten ikastetxeek urtero errepikatu dutela.

Hogeita hamar artista inguru

Oraingo honetan, 2025eko otsailetik aurrera, hauexek izan dira programan sartu diren musikariak, saioa egin dutenak zein egiteke dutenak: Aguxtin Alkhat; Antton Aranburu; Eñaut Elorrieta; Esti Markez; Ibai Osinaga; Idoia Asurmendi; Iker Lauroba; Ines Osinaga; Iñigo Arrasate ‘Iñigito’ Txapelpunk; Mikel Inuntziaga ‘Inun’; Jon Basaguren; Jon Gurrutxaga; Joseba Irazoki; Jurgi Ekiza; Elena Caballero, ‘La Basu’; Lide Hernando; Maia Iribarne; Maria Rivero; Mikel Markez; Mikel Urdangarin; Miren Narbaiza; Odei Barroso; Olaia Inziarte; Pantxix Bidart; Paxkal Irigoien; Unai Pelayo, ‘Pelax’; Rafa Rueda; Thierry Biscary; Tristtan Mourguy; Xabi San Sebastian; Unai Unda, ‘Xatiro’; eta Zuriñe Hidalgo. 

Euskarabideak pasa den ikasturtean, 2023/2024, programa gauzatzeko ardura hartu zuen. Eta aurten, joan den otsailetik ekainera bitartean, 191 saio egingo dira Nafarroako 49 ikastetxetan.

Musikariak Ikastetxeetan

‘Musikariak Ikastetxeetan’ 2018an hasi zen hezkuntza eta kultura programa bat da, ikastetxeei zuzendua. Ekimenak euskarazko kultur prestakuntza eta transmisiorako proiektua izatea du helburu, eta Foru Komunitateko berezko hizkuntza honen garrantzia azpimarratu nahi du.

Musika nerabeak eta gazteak erakartzeko ahalmen handia duen kultura-adierazpena dela kontuan hartuta, ikasleei euskarazko musika-sortzaileen lana hurbiltzea eta euskal kultura ezagutaraztea da programa honen helburu nagusia, ikastetxeei doako eskaintza eginda.

Euskara (A ereduan) eta euskaraz (D eta B ereduetan) ikasten duten DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleentzako da programa. Aurten, otsailetik ekainera bitartean egingo da. Musika-sortzaileak eskola-orduetan joaten dira ikasgeletara, eta beren esperientzia eta lana kultura-testuinguru jakin batean aurkezten diete ikasleei, beren ibilbidea euskal kantagintzaren barruan kokatuz. Horrela, ikasleek, adibide bat ezagutzeaz gain, azken hamarkadetako euskarazko kultur panoramaren ezagutza globalagoa lortzen dute; zehazki, kantagintzaren arloan.

Modu atsegin eta entretenigarrian, ikasleak kultura musikal oso baten esperientziara eta ezagutzara hurbiltzen dira. Artistek beren sorkuntza-prozesua azaltzen dute: beren lanak euskal musika-tradizioarekin duen harremana, beste sortzaile batzuekin izan dituzten lankidetzak (idazle edo poetekin), eta abar. Gainera, hainbat abesti zuzenean interpretatzen dituzte, sortze-prozesuaren adibide gisa.

Gaurkoan, Burlatako Askatasuna BHIn Olaia Inziartek emandako saioan, DBHko/Batxilergoko 331 ikasleek, sortzaile oronoztarraren ibilbidea ezagutzeko aukera izateaz gain, artista horren hiruzpalau kanta entzun dituzte.

Musikari profesionalen eta ikasleen arteko elkarrekintza horien bidez, euskararen ezagutza eta erabilera sustatu nahi dira hezkuntza-etapa horietan.

6.219 ikasle eta 49 ikastetxe 

Aurten 49 ikastetxek eman dute izena; horietatik 24 Iruñerrikoak dira, eta beste 25ak, Nafarroako beste zonalde batzuetakoak. Hala, parte hartzea erabaki duten ikastetxe guztiak kontuan hartuz, ‘Musikariak ikastetxeetan’ programa 6.219 ikasIerengana iritsiko da aurten. 

Iruñerrian parte hartzen duten ikastetxeak honako hauek dira: Barañain BHI; Alaiz BHI; Berriozar DBHI; Ibaialde BHI; Askatasuna BHI; San Fermin Ikastola; Larraintzar DBHI; Padre Moret-Irubide BHI; Biurdana BHI, Eunate BHI; Iturrama BHI; Colegio Calasanz Escolapios; Colegio Hijas de Jesús-Jesuitinas; Jaso Ikastola; Colegio La Compasión Escolapios; Colegio Santo Tomás-Dominicas; Paz de Ziganda Ikastola; Colegio Notre Dame FESD; Zizur BHI; Mendillorri BHI; Pedro de Atarrabia DBHI; Iñaki Ochoa de Olza DBHI; Iparralde DBHI eta Sarriguren BHI.

Nafarroako beste zonalde batzuetan, Iruñerritik kanpo, programan parte hartzen duten  ikastetxeak ondokoak dira: Altsasu BHI; Iñigo Aritza Ikastola; Altsasuko Jesusen Bihotza Ikastetxea-Korazonistak; Agoizko San Migel IP DBHI; Valle del Aragón DBHI, Bardenas Reales DBHI; Mendaur DBHI; Lekaroz BHI; IES Tierra Estella-Lizarraldea BHI; Lizarra Ikastola; Garralda DBHI; Amazabal BHI; Marqués de Villena BHI; Joaquín Romera DBHI; Ochagavia DBHI; Julián Gayarre HLHIP - Ainariak DBHI; Zangozako Ikastola; Sancho III BHI; Garcés de los Fayos Ikastola; Colegio Escolapios Tafalla; Benjamín de Tudela BHI; Valle del Ebro BHI; Sierra de Leyre BHI; Andra Mari Ikastola eta Argia ikastola. 

Aurreikusitako datuen arabera, osotara 191 saio egingo dira; horietatik 93, Iruñerriko Ikastetxeetan, eta 98, Nafarroako beste eskualde batzuetako zentroetan.

facebook
0
twitter

Atzera
Gora