“Katalina kontalari” naturaren eta zomorroen bizitza baketsuari buruzko ipuina da. Zomorroen artean txitxarra da protagonista. Txitxar ezin berritsuago honek beste hiru pertsonaia aurkeztuko ditu bere kontakizunen bitartez: mantangorria, tximeleta eta azkenean matxinsalto bihurtuko den hankaluze bat. Txitxarraren kontakizunek
basoko biztanleak txoratuko ditu, baita liburu honen irakurleak ere, berritu egiten baita kultura ahoz aho transmititzeko ohitura. Hirugarren aldia da Iñaki Zubeldiarekin batera Estibalitz Jalón aritzen dena, beste hiru albumetako irudiak ere egin baitizkio.
Oraingoan Estibalitz Jalónek haurtzaroko oroitzapenak eta bere sorterri Iekora
izan zituen gogoan, basoa eta txitxarra sortzeko, azkeneko hau bere amonaren irudia baita. Teknika artistiko hauek erabiltzen ditu: urmargoak, gouachesak, zur, kafe, te edo lixiba margoak, eta behatzak azken ukituak emateko. Etxepare bekaren III. Edizioaren epaimahaiak (Aitziber Alonso, Patxi Zubizarreta, Arrate Egaña eta Mikel Valverde) “albumeko marrazki goxo eta leunak nabarmendu zituen, giro berezia sortzen baitute”, baina baita testuaren kalitatea ere, “iradokizunez betetako alegia poetikoa delako, intriga pixka bat ere baduena”.
IÑAKI ZUBELDIA (Gipuzkoa, 1945)
Irakasle-ikasketak eta Pedagogia eginak ditu. Irakasle izandakoa eta Ikastoletako Irakasleen Elkartearen sortzailea. Ikastaro eta jardunaldi padagogikoetan parte hartutakoa. Gaur egun haur eta gazteentzako liburuen edizioan egiten du lan, Ibaizabal argitaletxean. Hizkuntzari eta haur eta gazteentzako narratibari
buruzko liburuak argitaratu ditu, baita gazteentzako nobelak eta irakaskuntzarekin zerikusia duten material teorikoak ere. Egan aldizkariaren haur eta gazte literaturako atala koordinatzen du. Argitalpen hauetan hartzen du parte: Anaitasuna, Jakin, Hegats, Berria, Galtzaundi, Karramarro.
ESTIBALITZ JALÓN (Araba, 1984)
Diseinu grafikoa ikasi zuen Logroñoko Arte Eskolan. Bere ibilbide artistikoan nabarmentzekoa da 2003an “Sócrates, Culture and National Identity” proiekturako egin zituen irudien bilduma. Besteak beste, 2005ean eta 2006an Laudioko Udalaren saria irabazi zuen (Ipuinetarako Irudien Lehiaketa).