Topoklik lehiaketa
Administrazioan euskeraz ere bai
Nafarroako Administrazioan Euskara Ikastaroak 2010/2011
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Moodle
Ze berri?
Xornal Galicia

Albisteak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek hezkuntza elebidunaren aurrean dituzten jarrerak aztertzen dituen liburua aurkeztu da

2009ko otsailaren 10a
Egileak Pablo Sotés, Nekane Oroz eta Carlos Vilches dira eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dute.

”NUPeko ikasleen jarrerak eta usteak elebitasunaren eta hezkuntza elebidunaren aurrean” izeneko liburua aurkeztu dute gaur goizean Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskarabideak. Bertan ikerlan bat bildu da, Pablo Sotés, Nekane Oroz eta Carlos Vilches irakasleek egina eta Nafarroako Gobernuak finantzatua. Liburuaren aurkezpenean, egileez gain, parte hartu izan dute Xabier Azanza Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak eta Jesus Maria Pintor Irakaskuntzako errektoreordeak. Guztira 1.000 aleko tirada kaleratu da eta liburua salgai dago 12 eurotan.

Landa lana 2005eko bukaeran egin zen eta laginean 2.000tik gora ikaslek hartu zuten parte. Horretarako, halako ikerlan motetarako oso egokia den metodologia bikoitza erabili zen: egiturazkoa edo kualitatiboa (eztabaida taldeak) eta banakaria edo kuantitatiboa (inkesta edo galdera-sorta).

Azken urte hauetan nafar gizartean aldaketak gertatu dira hizkuntzan eta hezkuntzan. Horren guztiaren eragina islatu da unibertsitateko esparruaren barnean euskarak duen egoeran eta hori guztia zorroztasunez eta zientifikotasunez jaso da azterlan honetan:

  • 2005-2006 ikasturtean, ikasleen %40k, gutxiago edo gehiago, euskaraz dakiten arren, erdiek soilik dute euskarazko oinarrizko edo goi mailako titulazioren bat - Ikasleen %14tik %26 bitartean irakasgaiak euskaraz jaso nahi ditu bere ikasketa programan (ikasleen %10ek soilik egin dute matrikula)
  • Ikasleen %50ek baino gehiagok uste dute eskaintza eskasa dela. Ikasleen %30ak baino zertxobait gehiagok, aldiz, uste du eskaintza nahikoa dela eta ikasleen %30ek nahi lukete ikasten ari diren titulazio osoa gaztelaniazkoarekin batera eskaintzea.
  • NUPeko ikasle gehienek esaten dute euren ingeles-maila tartekoa edo handia dela. Hala ere, erabilerari dagokionez, gaztelaniarekin batera, euskara da gehien erabiltzen duten hizkuntza, dela familiakoekin, dela lagunekin. Nolanahi ere, zertxobait gutxiago erabiltzen da unibertsitatean eta are gutxiago lan munduan.
  • Inkestari erantzun diotenen %60k uste du euskara ez dela oraindik normalizatu nafar hezkuntza-sisteman. %35ek, aldiz, uste dute euskarak ez duela behar inolako tratamendu berezirik.
  • Unibertsitatean hizkuntzei ematen zaien tratamenduari dagokionez, gehienek uste dute euskarari ematen zaion tratamendua baxua dela, frantsesari eta alemanari ematen zaiena oso baxua dela eta ingelesari ematen zaiona erdi- edo goi-mailakoa dela.

Aipatu berriak ditugun datu horiek ikerlan interesgarri honen atal xume bat besterik ez dira eta horrek guztiak gonbit egiten digu NUPek eta gainerako erakundeek euskara babesteko eta bultzatzeko ikasketetan, gure gizartearen errealitate eleanitzaren esparruan. Horretan ari da kementsu Euskarabidea.