Kultur Zikloa 2009, abian da!
2009ko urriaren 30a
Nafarroa osoan zehar Euskarabideak antolatutako euskarazko Kultur Zikloa 2009 hasi da.
Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuak antolatutako “Kultur Zikloa” kanpainaren barruan Nafarroako 40 herri izanen dira onuradun. Kanpainaren helburua da hizkuntza honen erabilera sustatzea adierazpen artistikoen bitartez, hala nola antzerki, musika, zinema eta bestelako kultur eta eszena-irudikapenen bitartez.
Programa honek betetzen du Euskarabideari eman zaion eginkizuna, hots, beste entitate eta administrazio publikoekin batera euskararen garapenerako programak eta jarduerak bultzatzea eta koordinatzea.
Kanpaina honen aurrekontua 80.000 eurokoa da: 50.000 euro Euskarabideak emanak eta gainerako 30.000 euro kanpainaren babeslea den Lagun Aro Fundazioa-Giza Begirada entitateak emanen dituenak.
Kultur Zikloa 2009, kultura jarduerak bi hilabetez
Zikloa asteburu honetan hasiko da Badostainen, Ziraukin eta Arantzan, eta abenduaren 19an amaituko da Tafallan jardunaldi berezi batekin, zikloan gertatu den guztia jasoz eta hainbat ekitaldi eginez: gazteentzako kontzertuak, haur jarduerak...
Nafarroako hizkuntza errealitatearen jakitun, Euskarabidea saiatu da emanaldi bakoitzaren hizkuntza maila tokian-tokian dagoen euskararen ezagutza eta erabilera mailetara egokitzen. Ziklo honetan Euskarabidea Nafarroako mapan zehar barreiaturiko 40 herritara ailegatuko da 19 talde artistikorekin eta 45 ekitaldirekin.
Horrrela, haurrentzat eta familientzat, txontxongiloak izango ditugu Bihar Txotxongiloa taldearekin, pailazoak (Popi eta Zarratrako eta Kiki eta Koko), ipuin kontalariak Ixabel Milleten eskutik, antzerkia hainbat talderekin (Antzezkizuna Ginol Taldea, TTR Teatroa eta Anne Monna, Oskola eta Karramarroi Taldea), magia ikuskizunak Angel Magoarekin, Eriz Magoarekin eta Asier Kidam-ekin, eta Elvi bentrilokuoa…
Helduentzat, berriz, antzerki-lanak izanen ditugu Kili Kolo Antzerki Taldearekin eta Oihulari Klown-ekin. Gazteentzat, bestalde, musika taldeak izango dira: Khous, SeiUrte, eta The Uski´s.
Herriak
Euskara Nafarroako bazter guztietara eramatea helburu, Euskarabideak honako herrietara eramanen ditu saioak:
Eremu euskalduna: Arano, Arantza (Bortziriak), Arbizu, Aribe (Aezkoa), Aurizberri, Basaburua (Aizarotz), Doneztebe, Ihabar, Irurita, Lekunberri, Luzaide eta Zubiri.
Eremu mistoa: Badostain (Egues Ibarra), Bidaurreta, Etxauri, Izaba, Gares, Lizarra, Otsagabia.
Eremu ez euskaldunean Oibar, Arronitz, Berbintzana, Cascante, Castejon, Zirauki, Faltzes, Fontellas, Lerin, Irunberri, Martzilla, Mendabia, Miranda Arga, Noain (Elortzibar), Erriberri, Oteiza, San Adrian, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Alesbes.