Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

Iruņa, Tutera, Lesaka, Altsasu, Tafalla eta Zangoza, Euskararen Nazioarteko Egunerako hautatutako plazak

2017ko azaroaren 22a

Antzerkia, bertsolariak, musika emanaldiak edo kultura digitaleko laborategi bat, horra abenduan gauzatuko den programa beteko jardueretariko batzuk

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea / Euskararen Nafar Institutuaren bidez, eta Iruñeko Udalak elkarrekin aurkeztu dituzte abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna izanen dela-eta heldu den hilabetean gauzatuko diren kultur jarduerak. Antzerkia, bertsolariak, musika emanaldiak edo gazteendako kultura digitaleko laborategi bat, horra, Iruñean eta Tuteran ez ezik, Lesakan, Altsasun, Tafallan eta Zangozan ere eginen diren ekitaldiak.

2017a bigarren urtea izanen dute bi entitateek programa elkarrekin ontzen. Aurtengo jarduera handienetariko bat izanen da musika lan bat, Nafarroako zenbait herritan joko dutena.

Familiarendako antzerki musikaduna: “Ane eta ohe hegalaria”

  • Abenduak 1, Tutera, Fernando Remacha Kontserbatorioa, 18:30.
  • Abenduak 3, Iruña, Café Teatro Zentral, 12:00.
  • Abenduak 5, Lesaka, Harriondoa Kultur Etxea, 18:30.
  • Abenduak 6, Altsasu, Iortia Kulturgunea, 17:30.
  • Abenduak 7, Tafalla, Kulturgunea, 18:00
  • Abenduak 8, Zangoza, El Carmen entzunaretoa, 18:00.

Antzeztoki guztietan sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte. Antzezlanean kontatzen den istorioan “neskatiko bat agertuko da, lo egitea gorroto duena. Amatxik ipuinak kontatzen zizkion ohatzera joan aurretik. Anek lau urte ditu orain, baina amatxirik ez, eta bere gelan bakarrik gelditzen denean, ez du begirik bildu nahi izaten…”.

Lana antzerkirako egokitua da, eta bidaia baten modura ageri zaigu, bidaia bat denboran zehar, Nafarroako lurraldean zehar, neskatiko baten ilusioetan zehar eta familia baten bizipenetan zehar. Lan honetan ahozko tradiziotik berreskuratu dira herri ipuinak, jolasak, esapideak eta kantak, horiek guztiak XXI. mendeko haurrei itzultzeko. 0tik 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiendako da bereziki, eta 45 minutu irauten du.

Abenduaren lehenean, orobat, berrikuntza izanen dugu: “Euskara sarera”, gazteendako kultura digitaleko laborategia, goiz guztian Iruñeko Baluartean, 09:00etatik 14:00etara.

Goiz osorako antolatua, abenduaren 1ean, Baluartean. DBHko, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua dago, eta aurkeztuko ditu kultura digitaleko eta, oro har, teknologiako gaiak 14tik 18 urte bitarteko haurrendako egokituak (errealitate birtuala, mugikorrendako aplikazioak, Wikipedia…). Ikastetxeei gonbidapena bidali zaie euskarazko kultura digitaleko laborategi honetan parte hartzeko, eta frankok interesa erakutsi dute. 450 ikasleendako tokia dago eta gehienak beterik daude.

Programak 3 multzo ditu osagai:

  • Aurkezpen eta mintzaldi laburrak (Puntu Eus Fundazioa, euskarazko Wikipedia…).
  • Ikastaroak eta lantegiak (Makala DJak aurkeztuko du “Musika sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazioak” saioa).
  • Erakusketak (3D inprimagailuak, Protomakerrak, errealitate birtuala…).

Abenduaren 1ean, Demode Quartet taldeak musika emanaldi bat eginen du agertoki berean, 20:00etatik aitzina, “Musikal Guztiak ia ia” izenburupean. Umore kutsuko show honek ibilaldi bat egiten du historiako musikalik adierazgarrienetan barna, lau pertsonaia xelebre kantu-kontari dabiltzala.

Aipatzekoa da, bertzalde, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak bideo bat aurkeztuko duela kirola eta euskara bikoteari buruzkoa, Nafarroako kirolari gazteak protagonista dituena.

Bertsolari txapelketaren finalaurrekoa

Ekitaldien programaren barnean sartzen da 2017ko Bertsolari txapelketa nagusiaren finalaurrekoa, abenduaren 2an eginen baita Anaitasuna pabilioian, 17:00etan hasita. Parte hartzaileak izanen dira Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Gainera, azken ekitaldi bat izanen da, Antoniutti parkean, 23:00etan, Esne Beltza + Trikidantz taldeak emana.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3a da, eta Eusko Ikaskuntzak bultzatu zuen 1949an. 1995ean erakundetu egin zen, Euskaltzaindiak ofizialki ezagututa. Nafarroako Gobernua 2015ean batu zen, lehen aldiz modu ofizialean, egun horren ospakizunetara.
Nafarroako Gobernuak ekimen kanpaina bat abiarazi du, euskararen irudia eta gizartean duen izen ona hobetzeko, bereziki hizkuntza ez dakiten herritarren artean. Kanpaina joan den urtean hasi zen, euskararen irudi erakargarri bat sustatu nahirik eta hizkuntza honen eta balio positiboen nahiz Nafarroako etorkizunaren arteko lotura sendotu nahirik.