Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

Helduen euskalduntzearen 2017-2018 ikasturtearen irekitze-ekitaldia

2017ko irailaren 12a

Helduen euskalduntzeko ikasturte berriari ongietorria emateko, eta Nafarroako euskaltegietan matrikulazio-kanpaina sustatzeko xedez, ekitaldi akademikoa antolatu du Euskarabideak.

Ekitaldia irailaren 15ean izanen da, ostiralarekin, eguerdiko 12:00etan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Pio Baroja aretoan (Nabarreria kalea, 39. zenbakia, Iruñea). Iñaki Murua Anzolak, doktorea eta HABEko Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko teknikariak, eskainiko du “Hamaika aukera eskaintzen duen itsasoa” izeneko hitzaldia. Bertan, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Kontseilari anderea izanen da mahaiburu.

Lekua: Iruñean (Nabarreria kalea, 39 zenbakia)
Hizlaria: Iñaki Murua
Hitzaldia: “Interneta: Hamaika aukera eskaintzen duen itsasoa”
Bertan izateko: Etorri nahi duenak, dei dezala telefono honetara; 848423293

Iñaki Murua Anzola Hezkuntza Zientzietan lizentziatua eta doktorea (UNED) eta Zientzia Kimikoetan diplomatura (EHU-UPV) da. Helduen prestakuntzaren alorrean aritu da bere ibilbide profesional osoan, euskararen ikas-irakaskuntzan batez ere. Basauriko Udal Euskaltegian 10 urtez irakasle, eta hasierako urteetan zuzendari, izan ondoren, duela 22 urte hasi zen HABEn teknikari gisa, harrez geroztik zeregin desberdinetan jardun duelarik. Azkenaldi honetan, Bizkaiko lurralde-arduradun da HABEk deitutako azterketa-deialdietan, baita tutore eta aztertzaileen prestatzaile ere. Halaber, erakundeak plazaratzen dituen argitalpen teknikoen koordinatzaile-editore (e-Hizpide, Itzulpen Saila) eta Irakasbil webguneko editoreetako bat ere bada. Teknologien eta irakasleen prestakuntzaren inguruan ardaztu dira bere ikerketa eta argitalpenak; ikas-ziberkomunitateak eta partaidetza pasiboa dira gai nagusiak esparru horietan.

Hamaika aukera eskaintzen duen itsasoa
Irakaskuntzaren esparru zabalean –eta, ondorioz hizkuntzen ikas-irakaskuntzan–, irakasle zein ikasleentzat hamaika aukera eskaintzen duen itsasotzat hartu ahal dira teknologiak, oro har, eta horien artean, Internet. Aukera horiek baliatzen jakitea eta gaitasun digitalaren jabe izatea da erronka; areago oraindik, eskakizuna ere izan liteke gizarte honetan. Ikuspegi horretatik, norbere ikas-alorraz (NIAz) zein hori lantzeko garrantziaz jabetzea izan daiteke oinarri sendoa garapen profesionalerako. Testuinguru honetan, ikasgela ezezik irakasle-gela ere gainditzen dute ikasteak eta irakasteak. Hitzaldian erreminta batzuk aurkeztu eta iruzkinduko diren arren, kultura eta pertsonen jardunaren azpian dauden baloreak dira oinarrizkoak, eta ez erreminta jakinak. Hau guztia kontuan hartuta, ziberkomunitateena izan daiteke bizitza osoan zehar ikasteko bideetako bat; parte hartzeari eta partekatzeari erreparatu beharko zaio, beraz. Bestela esanda, Sarean eta sareetan pertsona kontsumitzaile huts izatetik prosumirtuatzaile izatera heltzea da funtsezkoa: jaso, ekoitzi eta partekatzen edota elkarri eragiten dion pertsona. Azkenik, Irakasbil ekimena aurkeztuko da; hau da berorren helburu nagusia: helduen euskara-irakaslearen garapen profesionala sustatzea, bere NIAren atal garrantzitsua izanik.