Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Lan lerroak

Plan Estrategikoa

Azalpena

Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) - Nafarroako Gobernua

Euskara Nafarroako mintzaira berekia da, hizkuntza gutxitua halere, azken mendeetan gizartean zuen lekua galduz joan dena eta egun berreskurapen prozesuan dagoena. Horregatik, babesa eta sustapena behar ditu, Nafarroako herritar guztien ondarea izanda, guztiendako onuragarria eta aberasgarria izateko.

Nafarroan hizkuntza politika garatzean bi dira aintzat hartu beharreko arau nagusiak: 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa; eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, Espainiak 1992an sinatua eta 2001ean berretsia, bai eta horren jarraipen prozesuan (2005ean, 2008an, 2012an eta 2016an) Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak emandako aholkuak eta Adituen Batzordeak egindako txostenak.

Euskarari buruzko Foru Legeak, 1. artikuluan, honako hau ezartzen du:

1.- Foru Lege honen xedea euskararen erabilera arrunta eta ofiziala arautzea da, gizarte
bizikidetzaren eta irakaskuntzaren esparruetan.

2.- Hauek dira lege honen ezinbesteko helburuak:

  • Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.
  • Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
  • Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

3.- Nafarroako euskalkiek errespetu eta babes berezia izanen dute. Bestalde, 2.1. artikuluan ezartzen da gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla
eta, horren ondorioz, herritar guztiek dutela hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

Bestalde, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak, 7.2 artikuluan, gizartean ahulago dagoen hizkuntza erabiltzeko egon daitezkeen bereizketa, bazterkeria, murriztapen edo lehentasun justifikatu gabe oro, alegia, hizkuntza hori ahultzea edo hori mantendu edo garatzea arriskuan jartzea helburutzat izan dezaketenak ezabatzeko konpromisoa ezartzen die estatu sinatzaileei. Egoera ahulagoan dagoen hizkuntzak aldeko ekintzak behar dituela sinetsirik, Europako Gutunak argiro dio eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez dela joko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat, neurrion helburua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzok erabiltzen dituztenen eta gainontzeko herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea bada.

Orobat, onartua da hizkuntza aniztasuna politika publikoetan aintzat hartu behar dela.
Hizkuntzen arteko harremanak dinamikoak dira, eta, une batzuetan, harreman horiek gatazka kutsua har dezakete. Horrelakoetan, etsaitasunak pizteko edo areagotzeko bidea har daiteke, edo adostasunerako bideak bilatu, hau da, giza harremanetan sortu ohi diren gatazka egoerak gainditzen laguntzen duten kontsentsuzko lan-ildoak ezartzen saiatu.

Euskara ikasi nahi duten herritarrek baliabide egokiak behar dituzte, eta hiztunek, berriz,
erabilerarako guneak; baina hori ez da gaztelania kaltetuz eginen, baizik eta bi hizkuntzak berdintasunez tratatuz.

Erakunde publikoek marko honen barruan garatu beharreko hizkuntza politikak, betiere, ongi planifikatua egon behar du, herritarrekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean aritzera bideratua, eta gauzatzeko egokiak diren baliabideez hornitua. Irakurleak, hurrengo orriotan, aipatutako xedeak aintzat hartu dituen plan bat aurkituko du: Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019).

Hona hemen Plan Estrategikoaren laburpena biltzen duen bideoa.

 

 

 

 

 

Euskararen I. Plan Estrategikoa (2016-2019) pdf formatuan eskuratzeko sakatu hemen.