Euskararen adierazle sistema
Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Toki Entitateen Izendapen Ofizialak
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es
Eurogutunaren Ebaluazioa

Albisteak

Nafarroako Gobernuak, lehen aldiz, laguntzak emango ditu helduek euskara ikas dezaten

2018ko urriaren 09a

Euskarabideak 150.000 euro bideratuko ditu, urriaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasiko diren ikastaroak abian jartzeko

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako departamentuak, Euskarabidearen bitartez, 2018ko euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onesten duen Foru Agindua argitaratu du.

Lehen aldiz abian jarri den 150.000 euroko deialdi hau, gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da eta 2016-2019ko Euskararen I Plan Estrategikoaren helburuekin bat egiten du.

Deialdiaren oinarriek diotenaren arabera, eskabideak aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren web atariko tramiteen katalogoko ondorengo esteka honetan. Baita Foru Aginduaren II eranskinean agertzen diren eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena Euskarabidearen Erregistroan ere aurkez daitezke (Yanguas y Miranda kalea, 27, 1.a). Dena den, eskaerak aurkezteko epea astearte honetan hasi eta urriaren 31an bukatuko da.

Deialdiak diru-laguntzak eskainiko ditu , barnetegietan ikasteko, ikastaro estentsibo eta trinkoak eta autoikaskuntza eta berariazko ikastaroetarako. Aurrez aurreko talde arruntetan, irakaskuntza astean 4 ordukoa izango da eta, gutxienez, guztira 120 orduko iraupena izango du. Barnetegietan, aldiz, gutxienez, 100 ordu eskainiko dira ikastaroko, baliabide telematikoen bidezko irakaskuntzek izan duten gutxieneko iraupen bera. Bestetik, berariazko ikastaroek, presentzialak eta 120 eskola-ordu baino gehiagokoak izan behar dute.

Diru-laguntza hauek jaso ahalko dituzte hurrengo betebeharrak betetzen dituzten pertsonek: 16 urte baino gehiago izatea ( Kasu honetan, eskaera gurasoek edota adingabekoaren tutoretza duenak egingo dute); Nafarroan erroldatuta egotea, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea; urriaren 1etik abenduaren 31ra arte hasiko diren ikastaro batean izena emanda egotea eta horrengatik ordainketaren bat egin izana. Baita onuradun izan nahi duenak, gutxienez eskolen ordu kopuruen %80 hartu duela ere egiaztatu beharko du.

Halaber, diru-laguntza hauetatik kanpo geldituko dira titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak zein Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak.

Diru-laguntzen zenbatekoa ikastaro mota eta bere ordu kopuruaren arabera hurrengo moduluetan banatzen da: 100-200 orduko iraupena izango duten aurrez aurreko ikastaroetan izena ematen dutenek 80 euro arteko laguntza jasoko dute; 201-270 ordukoetan daudenek berriz, 140 euro arteko laguntzak izango dituzte, eta 271-400 orduko eskoletan ikasten ari direnak, 180 euro arte.

Autoikaskuntza ikastaroak nahiago dituztenek, berriz, ordu kopuruen arabera ondorengo laguntzak jasoko dituzte: 100-189 orduko ikaskuntzak, 80 euro arte, eta 190-250 ordukoak, 140 euro arte.

Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia, Nafarroako Parlamentuak onartutako “Helduek euskara ikasteko laguntzak” izeneko partidak finantziatzen du, 2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren barruan.