Euskararen adierazle sistema
Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Toki Entitateen Izendapen Ofizialak
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es
Eurogutunaren Ebaluazioa

Albisteak

Nafarroako Gobernuak berritu egin du Eusko Ikaskuntzarekin duen konpromisoa haren mendeurrenean

2018ko martxoaren 15a

Ollo kontseilariak gaur goizean hartu du parte Bilbon egin den ospakizun honen irekiera-ekitaldian

Gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian, Bilbon, Eusko Ikaskuntza - Sociedad de Estudios Vascos instituzioaren mendeurrenaren irekiera-ekitaldia ospatu da. Lau instituzio fundatzaileen ordezkari gisa aritu dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ramiro González Arabako ahaldun nagusia eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, zeinak adierazpen instituzional bat irakurri eta sinatu duten.

Bertan gogoratu da ehun urteak bete dituen Sozietatea 1918an jaio zela "sentsibilitate, ideologia eta lurralde guztietako euskalari eta euskaltzaleak biltzeko, zientziarekin eta kulturarekin, berrikuntzarekin eta aurrerapen kolektiboarekin duten konpromiso partekatu batek lotuak".

Instituzio fundatzaileek Eusko Ikaskuntzarekin duten konpromisoa berritu dute, "ezagutzaren sorkuntzaren eta gure garaiko erronken ulertze eta erantzunen alde lanean ari den gizarte zibilaren adierazpen bizi eta estimulatzaile gisa", tartean dauden administrazio desberdinak "etorkizunaren aurrean posizio aurreratuan" kokatuz, adierazpenean bertan jasotzen den bezala. Adierazpena irakurri ondoren, sinatu egin dute hiru ahaldun nagusiek eta Nafarroako Gobernuko kontseilariak.

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak, bere aldetik, justifikatu egin du, aurrekari historiko batean, ekitaldia Bizkaiko Foru Aldundiko Jauregian ospatu izana: bertan proposatuko zen, 1918aren hastapenetan, euskal kultura sustatuko zuen Eusko Ikasketen Kongresu baten antolaketa. Eztabaida-leku haren emaitza gisa jaio zen Eusko Ikaskuntza, Dorronsorok berak "herria maite duten pertsonen batasun" gisa definitu duena, "norberaren ezagutzatik, kultura unibertsalaren obran parte hartzeko lanean ari direnak". Gaur egun, "herritarren kezkei" erantzunak ematen jarraitzeko lanean dihardu erakundeak, "ikasketatik, ikerketatik eta desberdinen arteko eztabaida irekitik abiatuta", ondorioztatu du Dorronsorok.

Eusko Ikaskuntzaren Urteurrenaren Batzorde Antolatzaileko presidente den Xabier Alkortak eman dio amaiera ekitaldiari, zeinak urtemuga ospatzeko ekitaldi-programaren berri eman duen: 1978an Eusko Ikaskuntzaren berpiztearen protagonista izan ziren kideei aintzatespena, azken 100 urteetako jardueraren inguruko liburu baten argitalpena eta antzerki-obra baten estreinaldia, beste ekimen batzuen artean. Horiez gain, datorren udazkeneko Eusko Ikasketen XVIII. Kongresuaren ospakizuna nabarmendu du (www.eusko-ikaskuntza.eus/es/congreso-centenario/), Geroa Elkar-ekin / El futuro que nos (re)une lemapean, zeinaren aurkezpen ofiziala datorren apirilean egingo den.

Kongresu hori Oñatin burutuko da eta Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrenaren ekitaldien bukaera gisa egingo da. Bertan, duela bi urtetik hona profesionalen eta ezagutza-diziplina desberdinetako adituen, sozietate zibilaren, agente sozial, politiko eta ekonomikoen, instituzio publikoen eta abarrekoen arteko partaidetza- eta kolaborazio-testuinguru zabal batean garatzen ari diren ikerketa-proiektuen emaitzak aurkeztuko dira.

Honakoak dira ikerketa-proiektu horiek, Eusko Ikaskuntzak zientzia-estrategia berri baten ondoren 2013an definitutako lau lan-eremuen baitan jaiotzen direnak: ‘Gobernantza demokratikoa’; ‘Euskararen etorkizuneko agertokiak modu bateratuan eraikitzen’; ‘Aniztasuna, kohesioa eta kultura’; ‘Garapen sozioekonomikoa’.

Proiektuetako bakoitza hiriburuetako bakoitzean antolatuko den kongresu propio batean emango da bukatutzat, non erakundearen lan-ildo bakoitzeko ondorioak emango diren aditzera, gero, bukatzeko, Eusko Ikasketen XVIII. Kongresuan jorratzeko.

Eusko Ikaskuntzari buruz

Eusko Ikaskuntza 1918an sortutako erakunde zientifiko-kulturala da, helburu gisa Vasconiako etorkizuneko kezka eta erronka nagusien inguruko ezagutza ikertu eta sustatzea duena -gizarteari, kulturari, linguistikari, sozioekonomikoari, lurraldeari eta abarrekoei dagokionean-, ikuspuntu zientifiko, kolaboratibo, diziplina anitzeko, plural eta independente batetik abiatuta.

Ezagutza eta adimen kolektiboa aktibatzen ditu gizartean partekatzen duen hausnarketaren bitartez, zeina ahaldundu egiten duen erronka horiei erantzun global eta integratzaileak emateko, lurralde-espezifikotasun eta -aniztasunari, genero-perspektibari eta independentzia ideologikoari arreta jarriz. Eusko Ikaskuntzak, hala, gizarte-ehunaren artikulazioa bultzatzen du, zubiak sortuz eta instituzioen, lurraldeen, pertsonen eta ikuskeren arteko sinergiak sortuz.

1918an fundatu zenetik, Euskal Ikasketen 17 kongresu antolatu ditu osotara Eusko Ikaskuntzak, bi helburu nagusirekin: ikerketaren eta kulturaren sustapena alde batetik, eta, bestetik, gizartearen behar errealei buruzko azterketa, erronkei aurrea hartuz etorkizunean aurrera egiteko.