Euskararen adierazle sistema
Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Toki Entitateen Izendapen Ofizialak
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es
Eurogutunaren Ebaluazioa

Albisteak

Hizkuntza berekiak dituzten autonomia erkidegoak Nafarroan elkartu dira, hizkuntza politikak koordinatzeko

2018ko apirilaren 11a

Nafarroa, EAE, Katalunia, Galizia, Valentziako Erkidego eta Balear Uharteetako ordezkariek parte hartu dute hizkuntza politikaren alorreko lankidetza protokolo orokorraren jarraipen batzordean

Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako Generalitateko Galiziako Xuntako, Balear Uharteetako Governeko eta Valentziako Generalitateko hizkuntza politikako ordezkariek topaketa bat izan dute gaur goizean Nafarroan beren hizkuntza berekiak sustatzera bideraturiko politikak koordinatzeko.
Autonomia erkidegoek sinaturiko Hizkuntza politikaren alorreko lankidetza protokoloaren jarraipen batzordearen baitan egindako topaketan izan dira Mikel Arregi,

Euskarabideko zuzendari kudeatzailea; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Ester Franquesa, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; Valentín García, Galizako Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia; Marta Fuxá, Balear Uharteetako Governeko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia; eta Rubén Trenzano, Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikarako eta Eleaniztasunaren Kudeaketarako zuzendari nagusia.

Topaketan hizkuntza ofizialak sustatzeko politiken intereseko zenbait gai jorratu dira.
Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioari dagokionez, Lehendakaritzako eta Lurralde Administrazioetarako Ministerioko Autonomia Erkidegoekiko eta Toki Entitateekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak informazioa eskatu zien autonomia erkidegoei 2017ko otsailean. Informazio horrekin eta estatuarenarekin prestatu zen “Europako Kontseiluaren

Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak Espainian izandako betetze mailaren gaineko bosgarren txostena, 2014-2016 aldikoa”. Txosten hori gaztelaniaz igorri zitzaion Europako Kontseiluari, Espainiak Europar Batasunean duen ordezkaritza iraunkorraren bidez, joan den otsailaren 6an. Oraindik zehaztu gabe dago noiz eginen dituen bisitak adituen batzordeak, bosgarren txostenaren edukia ordezkari instituzionalekin eta entitate sozialetakoekin jorratzeko. Aurreikusita dago bisita horiek irailetik aurrerakoak izanen direla. Ondoren, txostena Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeari igorriko zaio, gomendioak eman ditzan. Bestetik, hizkuntza politikako arduradunek garrantzitsutzat jo dute txostenak Europako Kontseiluari informazio fidagarriagoa eta zehatzagoa igortzea. Adituen Batzordearen bisita baliatuko da txostena osatzeko.

Informazioa trukatu da jakiteko nola jokatzen den autonomia erkidego desberdinetan Funtzio Publikoan sartzeko orduan hizkuntza ofizialen ezagutza izateari dagokionez. Bileran baloratu da ezagutza horrek balio behar duela bermatzeko herritarrek duten eskubidea beren autonomia erkidegoko hizkuntza ofizialetako zeinahi erabiltzeko, erkidego bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera. Horregatik, jarraipen batzordean parte hartu dutenek beren kezka adierazi dute zenbait sektoretan eztabaidagai izaten ari delako funtzio publikoan sartzeko hizkuntza ofizialak ezagutzea baldintza izan behar ote den, hori denean modu bakarra hizkuntza hautatzeko eskubidea bermatzeko.

Hizkuntza gutxituetako irakasleei zuzendutako etengabeko prestakuntzako proiektua aztertu da, irakasleek prestakuntza izan dezaten ahozko hizkuntza irakasteko. Erabaki da proposatzea Hizkuntza Aniztasuna sustatzeko NPLD sareak babes dezala proiektu hori, Europako finantzazioa eskuratzeko, Erasmus + programaren bidez.

Aztergai hauek guztiak sartu dira 2018. urterako laneko planean. Valentzian eginen den ondoko bilkuran jarraipena emanen zaie.

Topaketaren baitan, autonomia erkidegoetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollorekin batera. Kontseilariak azpimarratu du gisa honetako foroak garrantzitsuak direla gutxiengoen hizkuntzak sustatzeko, jardunbide egokiak trukatzeko eta hizkuntza aniztasunaren gaineko politikak formulatzeko. Kontseilariaren esanetan, “hizkuntzek, bereizi baino, gizarte demokratiko gisa dugun balioa biderkatzen dute, eta gaurkoaren gisako topaketek horretan sakontzeko balio dute”.

Ollok adierazi du euskara bizikidetza balio bat dela “Nafarroan indarrean den legerian duela 30 urte baino gehiago jasota dagoena”. Kontseilariak bukatu du eskerrak emanez bertaratuei, beren prestasunagatik eta lankidetzarako duten borondateagatik.

Topaketa bukatzean, autonomia erkidegoek hitzordua izan dute Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosekin, harrera egin baitie Nafarroako Jauregiko Areto Berdean.

Lankidetza protokoloa

2007an, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitatak eta Galiziako Xuntak hizkuntza politikaren alorreko lankidetza protokolo orokorra sinatu zuten. Ondoren, Balear Uharteetako Gobernua gehitu zitzaion protokoloari, eta 2017an Valentziako Generalitata eta Nafarroako Gobernua. Horrela, lehen aldiz ezarri ahal izan zen lankidetza esparru bat, beren autonomia estatutuen bidez ofizialtasun estatus aitortua duten hizkuntza berekidun autonomia erkidego guztiendako.

Protokoloak esparru orokor bat eta metodologia bat ezartzen ditu, elkarrekiko lankidetza garatzeko komunikazioaren alorrean, informazioa trukatuz bilakaera soziolinguistikoaren jarraipenerako azterlan eta ikerketen gainean, argitalpen elektronikoen gainean, hizkuntza eskubideen esparruan emandako urratsen gainean eta hizkuntza planen ezarpenaren gainean. Terminologiaren alorrean, informazioa trukatuz metodologien eta laneko prozesuen gainean, normalizazio terminologikoko irizpideen gainean, terminologiak hedatzeko eta ezartzeko estrategien gainean eta ezarpen mailen jarraipena egiteko metodoen gainean. Estatuko eta EBko administrazioen esparruan hizkuntza ofizialen erabili eta babestearen alorrean, Estatuak eta EBk araudi ekintza eta neurriak har ditzaten sustatuz, gaztelaniaz bestelako hizkuntza ofizialen erabilera ahalbidetzeko haien erakundeetan.

Aintzat harturiko beste esparru batzuk dira sozioekonomia, irakaskuntza, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, hizkuntzaren erabilera soziala eta nazioarteko hedapena.