Euskararen adierazle sistema
Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Toki Entitateen Izendapen Ofizialak
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

Hezkuntzak eleaniztasuna sustatzeko jardunaldi-saioa antolatu du

2018ko otsailaren 28a

Martxoaren 3an eta apirilaren 21ean egingo dira eta hezkuntza eta hizkuntza arloetako adituek parte hartuko dute

 Hezkuntza Zuzendari Orokor Roberto Perezek eta Eleaniztasuneko Zerbitzu-zuzendari Hasier Morrasek aurkeztu dituzte “Hizkuntzak Elkarrekintzan” eta “Eleaniztasuna. Bertatik mundura” izeneko bi saioak, “egungo gizartearen errealitatea eleanitza dela” agerian uzteko, Roberto Perezek azaldu duenez.

Hezkuntza Zuzendari Orokorrak gogoratu duenez, “Nafarroa eleaniatza da. Gero eta hizkuntza gehiago entzuten ditugu gure inguruan, eta gero eta balio handiagoa dauka hizkuntzak jakiteak”. Eta “hizkuntzen kudeaketa da edozein ikastetxek eta irakaskuntza egitasmoak argitu behar duen gai nagusietako bat”, gehitu du, kontuan izanik “Nafarroan bi hizkuntza ditugula, bata, gaztelania, ehunka milioi hiztun dituena, eta, bestea, euskara, milioi bat inguru dituena”.

Perezek azpimarratu egin du hainbat hizkuntza ezagutzeak dituen onurak “frogatuta dagoelako hizkuntzek bere baitan gordetzen duten balioa, mundua irudikatzeko giza antolamendu konplexu gisa, oso handia dela, eta oso aberasgarria dela hiztunarentzat”. Eta “jasotako ondarea hurrengo belaunaldiei transmititzea da gure zereginetako bat, beharbada garrantzitsuenetarik bat”, gehitu du.

Eleaniztasunaren ezaugarriak aspalditik dira ezagunak. “Frogatuta dago bi hizkuntza dauzkanak errazago bereganatzen duela hirugarrena”, esan du Hezkuntza zuzendariak.

Jarraian antolatu dituten jardunaldiez aritu da Perez. “Jardunaldiak abiapuntua izatea nahi genuke. Abiapuntua eleaniztasunak Nafarroako irakaskuntzan izan behar dituen oinarrien inguruan gogoeta egin eta diagnostiko partekatu bat lortzeko”, azaldu du.

Ekimen honekin, gogoeta egin nahi dena da eta eleaniztasuna kudeatzeko hezkuntzak finkatu behar dituen oinarriak eta egin behar dituen urratsak zehaztu. “Hainbat hizkuntza dituenak gaitasun komunikatibo amankomuna garatzen du, dituen ezagutza eta esperientzia linguistikoei esker eta hizkuntzak euren artean hartu-emanean daude”. Horixe litzateke, labur esanda, Hizkuntzen Tratamendu Integrala (HTI).

“2007an ezarri zen HIT oinarrizko curriculumean, baina horren hedapena garatzea falta da”, azaldu du Hezkuntza zuzendariak. Orain bilatzen dena da geletara eramatea hizkuntzen irakaskuntza hobetuko litzatekeelako eta horrek “aldaketa metolodogikoa ekarriko lukeelako eta irakasleen arteko koordinazio linguistikoa”, azaldu du Perezek. Horrek guztiak lagunduko du

Bi jardunaldi

Hezkuntza departamentuak martxoaren 3an eta apirilaren 21ean egingo ditu jardunaldiak eleaniztasuna sustatzeko Nafarroako hezkuntza sisteman.

Martxoaren 3an “Hizkuntzak Elkarrekintzan” jardunaldia eginen da, Hizkuntzen Trataera Bateratuaren aplikazio praktikoan zentraturikoa. Jardunaldi hau Musika Hiriko auditorioan izanen da goizeko 9:30etatik aurrera eta irakasleak jada izena eman dezakete ikastetxeetara bidali zaien gonbidapena jarraituz.

Jardunaldiari hasiera emateko, Eli Arocenak ikasgeletan Hizkuntzen Trataera Bateratuari buruz egindako ikerketaren emaitzak eta ondorio nagusiak aurkeztuko dizkigu. Eli Arocena EHUko irakaslea eta DREAM edo Donostia Research group on Education and Multilingualism ikerketa taldeko kide da.

Bigarren hitzaldia Iratxe Renteriaren eskuetan egonen da, eta Hizkuntzen Trataera Bateratuaren oinarri teoriko eta praktikoak azalduko dizkigu, eta baita oinarri horiek Ikastetxeko Hizkuntza Proiektu batean jasotzearen beharra ere. Iratxe Renteria Berritzegune Nagusiko kidea da, hizkuntzen arloan aditua.

Honetaz gain ere, Nafarroako ikastetxeetako esperientzia ezberdinei ere garrantzia eman nahi izan diegu, eta hortaz Noain, Doña Mayor eta Catalina de Foix ikastetxe publikoetako jardun eta proiektuen berri izanen dugu, hizkuntzen arteko transferentzia kontutan hartzearen onurak islatzen dituztenak.

Bestalde, “Bertatik mundura” jardunaldia apirilaren 21ean izanen da Iruñeko Planetarioan, goizeko 9:00tan hasita, non gure hizkuntzen balioari buruz arituko diren, eta eleaniztasuna eta hizkuntza aniztasunari buruzko alderdi teorikoagoak jorratuko dira. Jardunaldi honetarako gonbidapena ere ikastetxeetara bidaliko dugu data hurbiltzean.

Jardunaldia Joaquim Dolzen hitzaldi batekin hasiko da, “Hiru hizkuntza eskolan, arazoa ala aukera?” izenekoa. Joaquim Dolz Genevako Unibertsitatean aritzen den hizkuntzen irakaskuntzako katedraduna dugu.

Jasone Cenoz EHUko katedradunaren eskutik “Eleaniztasuna eta translanguaging ikasgelan” hitzaldia izanen dugu. Jasone Cenoz Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkarteako kide da eta eleaniztasun gaietan erreferentziazko ikerlari eta autorea.

EHUko katedraduna eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarerako UNESCO Katedraren koordinatzaile den Itziar Idiazabalek “Irakaskuntza eleaniztunerako ingeniaritza didaktikoa” hitzaldia aurkeztuko digu.

Juan Carlos Moreno Cabrera Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna eta hizkuntza aniztasunean adituaren eskutik “Hizkuntza guztiak berdinak dira, hizkuntza guztiak ezberdinak dira” hitzaldia izanen dugu.

Kike Amonarriz soziologo eta dibulgatzailea izanen da jardunaldiari amaiera emateko arduraduna, hizkuntzen balioaz eta erabileraz hitz eginez.

Jardunaldi honetan zenbait hitzaldi euskara hutsean eginen dira eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da. Jardunaldian baita ere POCTEFA proiektuaren barne dagoen Euskararen Adierazle Sistema aurkeztuko da, Nafarroari dagokionez.