Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

Gobernuak komunikazio kanpaina bat abiatu du euskararen irudia eta ospe soziala hobetzeko

2016ko azaroaren 18a

“Sin el euskera, Navarra no se entiende” eta “Euskara gurea, denona” dira kanpainaren leloak

Nafarroako Gobernuak gaur, ostiralarekin, komunikazio kanpaina bat abiatuko du, euskararen irudia eta ospe soziala hobetzeko, bereziki hizkuntza hori ez dakiten herritarren artean.

Azaroaren bigarren hamabostaldian eta abenduko lehen egunetan garatuko da kanpaina. “Sin el euskera, Navarra no se entiende” eta “Euskara gurea, denona” lelopean, kanpainan ikusaraziko da gaztelania hiztunek euskarazko zenbait hitz, adierazpide eta izen erabiltzen dituztela ohikotasunez, hala nola Osasuna (salud), kiliki (cosquilla), txistorra (longaniza) edo Landazuria (campo blanco); azken horrek Arguedasko Virgen del Yugo ermitatik hurbil dagoen eremu bati egiten dio erreferentzia.

Kanpaina hainbat euskarri eta hedabideren bidez zabalduko da; mezuak txertatuko dira idatzizko egunkari nagusietan, tokiko aldizkarietan, egunkari digitaletan, zenbait irratitan eta, orobat, publizitatea jarriko da Iruñerriko hiri garraioan eta merkataritza gune handietan eta zinema aretoetan.

Horrez gain, kanpainari bukaera biribila emateko eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, abenduaren 3an zenbait kultura ekitaldi antolatu dira.

Foru Gobernuaren nahietako bat da euskararen irudi erakargarria sustatzea eta euskararen eta Nafarroako balio positiboen eta etorkizunari begirakoen arteko lotura sendotzea, eta kanpaina hau borondate horren barnean kokatzen da.