Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

Gobernuak komunikazio-kanpaina bat abian jarri du helduen euskara-ikaskuntza sustatzeko

2016ko irailaren 21a

Nafarroak publikoak eta ekimen sozialekoak diren 25 euskaltegi ditu, bai eta hizkuntz zentroak ere lurralde guztian banatuta

Nafarroako Gobernuak gaur, astelehena, komunikazio-kanpaina bat abian jarri du, alde batetik, helduen euskarazko irakaskuntza sustatzeko asmoz, eta bestetik,herritarrak hizkuntz hori ikastera anima daitezen publikoak eta ekimen sozialekoak diren Nafarroako 25 euskaltegietan, hizkuntz zentro ofizialetan eta akademietan. Haiek guztiek irailean matrikulatzeko epea zabalik izango dute.

Hala, iraileko bigarren hamabostaldian eta urriko lehen egunetan “Euskaraz? Bai! ¡Voy! – Zatoz euskara ikastera/Ven a aprender euskera” mezua zabalduko da hainbat euskarri eta hedabidetan, eta iragarkiak sartuko dira idatzizko egunkari nagusietan (Diario de Navarra, Diario de Noticias, Berria eta Gara) eta toki-aldizkari nahiz egunkari digitaletan; halaber, zenbait mezu igorriko dira irrati bidez (SER, Onda Cero, COPE, Cadena 40, Europa FM, Cadena 100, Euskalerria Irratia eta Xorroxin Irratia), eta publizitatea txertatuko da Iruñeko eta Iruñerriko hiriko autobusetan, 50.000 euroko kostuarekin, guztira.

Kanpainaren barnean webgune bat ere sartuko da (www.euskaraikasi.nafarroa.eus – www.aprendeeuskera.navarra.es), eta bertan euskara ikasteko zentro eta udalerrien zerrendari buruzko informazioa emango da, publikoak (Hizkuntzen Eskola Ofiziala –Iruña, Tutera eta urrutikoa-, Zubiarte Euskaltegia, Euskarabidea, Orkoien eta Esteribarko Udalak), nahiz ekimen sozialekoak eta pribatuak direnak (AEK eta IKA zentroak, eta Bai&By). Euskarabideak informazioa eskuratzeko telefono-zenbaki bat du, halaber: 848 426 054, eta telefono horretara 08:30etik 14:30era deitu daiteke.

Gobernuak helduen euskara-irakaskuntzaren alde egindako apustua

Ekimen hau sartzen da, Gobernuak herritarren artean hizkuntz aniztasuna Nafarroako berezko bi hizkuntzetan sustatzearen alde egindako apustuan; hala, helduen alfabetatzeko eta euskara ikasteko eskubidea bermatzen da.

Alde horretatik, gogora ekarri behar da helduei euskara irakasten dieten zentroetarako laguntza-deialdi bat zabaldu zela ekainean (urtarrila-ekaina denboraldia), 297.000 euro guztira, eta 1.710 ikaslek baliatu zutela laguntza hori.

Urrian, 2016-2017 ikasturteko lehen hiruhilekorako laguntzen deialdia argitaratuko dela aurreikusten da, 100.000 euro guztira.