Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

Euskararen Nafar Kontseiluak aho batez onartu du adierazpen bat euskarak Nafarroaren berezko ondare gisa duen garrantzia nabarmenduz eta hizkuntza honen politizazioaren aurka

2017ko urtarrilaren 20a

Bileran 2016ko Inkesta Soziolinguistikoaren aurrerapenaren berri eman da, eta Euskararen Plan Estrategikoa onartu da, besteak beste

Euskararen Nafar Kontseiluak bertako lau kidek aurkeztutako adierazpen instituzional bat aho batez onartu du euskarak “Nafarroaren berezko hizkuntza gisa eta nafar guztien ondare gisa” duen garrantzia nabarmenduz. Horregatik, jarraitzen du adierazpenak, “euskararen ezagutza edozein pertsonarentzako aberasgarria da, balio erantsi bat”.

Adierazpenak, gainera, erantzukizun politikoak, sozialak eta ekonomikoak dituzten pertsonei eta erakundeei proposamen batzuk egiten dizkie, euskara erabil ez dezaten “gatazka politiko-sozial bat elikatzeko asmoz”.

Euskararen Nafar Kontseiluak, halaber, Euskararen Plan Estrategikoaren behin betiko testua aho batez onartu du, herritarrek parte hartzeko prozesuan egindako alegazioak nahiz ekarpenak jaso ondoren, azaroan amaitu zen prozesua. Guztira, planak 259 proposamen jaso zituen, eta haien % 65 onartu ziren. Nafarroako Gobernuak plana laster batean onartzea espero da.

4 gaztetatik 1 euskal hiztuna da

16 eta 24 urte arteko 4 gaztetatik 1 (% 25,8) euskal hiztuna da Nafarroan, hau da, % 150 igoera 1991n adin-talde horretan izandako portzentajearekin alderatuz (% 10ekoa izan zen), 2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Inkesta horren lehenengo datuak gaur aurreratu ditu Euskararen Nafar Kontseiluak.

Epe horretan, 16 urtetik gorako biztanleen euskararen ezagutzaren bilakaera 3,4 puntu hazi da; hala, % 9,5etik egungo % 12,9ra igo da. Datuek euskararekiko jarreraren bilakaera positiboa adierazten dute, gainera; biztanleen % 33,3 hizkuntza hori sustatzearen alde agertzen da (% 21,6 1991. urtean). Inkesta Euskararen Nafar Kontseiluko kideek gaur goizean aztertu dute Nafarroako Jauregian egindako bilkuran.

Euskararen Inkesta Soziolinguistikoa bost urtetik behin egiten da, 1991. urtetik, euskara hitz egiten den lurralde guztian: Nafarroako Foru Komunitatean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean, lurralde horietako erakunde publikoek sustatuta (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoa). Tresna horren bidez, egungo datuak aurreko lanetakoekin aldera daitezke, eta euskararen egoeraren bilakaera azter daiteke; hala, hizkuntz politikaren politika publikoak planifikatu ahalko dira. Nafarroako inkestarako landa-lana 2016ko maiatzean egin zuen Ikertalde enpresak 16 urteko edo hortik gorako biztanleen artean.

Inkesta horren datuak Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dira datozen asteotan, arlo horretan indarrean dagoen legeriak dioen moduan.

Euskararen Nafar Kontseilua Nafarroako Gobernuak hizkuntza politikan duen kontsultarako organo bat da. Lehendakaritza Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko pertsona titularrari dagokio, eta honako erakunde hauetako ordezkariek osatzen dute: Nafarroako Gobernua –Euskarabidea eta tartean dauden beste arlo batzuk–, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Nafarroako Kazetarien Elkartea, kultur erakundeak edo euskara sustatzen duten gizarte-ekimeneko erakundeak, eta euskararen nahiz euskal kulturaren alorrean ospe handia duten pertsonak.