Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

Euskararen Nafar Kontseilua zabalagoa, anitzagoa, dinamikoagoa eta gardenagoa izango da

2017ko irailaren 07a

Nafarroako Gobernuak gaur onartu du foru dekretu bidez organo horretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko araudi berria

Nafarroako Gobernuak gaur onartu du Euskararen Nafar Kontseiluaren araudi berria, organo horretan gizartearen ordezkaritza zabalagoa izan dadin, Gobernua babesten duten lau alderdi parlamentarioek izenpetutako programa-akordioan aurreikusten den bezala, bai eta organo aholku-emaile horri aniztasun handiagoa emateko ere.

Horrela, hizkuntza hori planifikatzearen eta sustatzearen arloan lan egiten duen Foru Gobernuaren organo parte-hartzaile eta aholku-emaile horrek kanpoko 30 kide izango ditu (gaur egun 17 ditu); horiekin batera, Nafarroako Gobernuaren ordezkariek osatuko dute organoa. Azken horiek lehengo berak izango dira.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilaria izango da aurrerantzean ere Euskararen Nafar Kontseilu berriaren lehendakaria, eta Euskarabidearen zuzendari-kudeatzailea, berriz, lehendakariordea; eutsi egingo dio erakundeetako zortzi ordezkarien egungo egiturari ere (Euskaltzaindia, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Eusko Ikaskuntza, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, Ikastolen Nafarroako Federazioa eta Kazetarien Nafarroako Elkargoa), eta bitik zazpira handituko da euskara sustatzeko elkarte edo erakundeek proposatutako ordezkari kopurua, eta zazpitik hamarrera, berriz, euskal kulturaren alorrean prestigioa duten pertsonena, eta Kontseiluko kide izan ahalko dute. Eta kide-kategoria berria egongo da, organo parte-hartzaile horretan bost jarleku izango dituena: Nafarroako Parlamentuak aukeratutako ordezkariena, alegia.

Gainera, araubide berriak kide-izendapen bakoitzeko ordezkoak aurreikusten ditu, eta pertsona horiek izendatzeko emakume eta gizonen arteko berdintasun-politika; guztiek izango dute lau urteko agintaldia, izendatzen direnetik.

Kontseiluaren araubidean sartutako beste hobekuntza batzuk

Euskararen Nafar Kontseilu berritua eta handitua arautuko duen foru dekretuaren testu berriak beste bi aurrerapen garrantzitsu sartu ditu Kontseiluaren eginkizunei eta gardentasunari dagokionez, kontuan hartuta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamenduak 2016ko urrian Nafarroako Gobernuaren kide diren organoak ebaluatzeko txostenean egindako gomendioak.

Horrela, aholku-organo hutsa izatetik, Euskararen Nafar Kontseilua gizartearen parte-hartze tresna iraunkorra izatera igaroko da hizkuntza hori sustatzeko politika publikoetan, eta babes administratiboa emango zaio Euskarabideatik, organo dinamikoagoa eta erabilgarriagoa izan dadin.

Gainera, araubide berriak berariazko artikulu bat gehitzen du, organoaren jardueraren gardentasuna eta gizartera irekitzea bermatzeko; horrela, derrigorrezkoa izango da urteko memoria zein egiten dituen azterlanak eta proposamenak jendaurrean jartzea, gobernu irekiko atarian edo egoki irizten zaizkion beste plataforma batzuetan, herritarrek kontsultatu ahal izan ditzaten.