Euskararen adierazle sistema
Plan estrategikoa
Euskara Ikastaroak
Egiaztapenak
Autoikaskuntza
Toki Entitateen Izendapen Ofizialak
Nafar Hitz
Euskaltegi eta Gau Eskolen kudeaketa aplikazioa
Mediateka
Euskarabideko Liburutegia
navarra.es

Albisteak

“Euskara gurea, denona / El euskera de todos y todas”, euskararen izen soziala bultzatzeko Nafarroako Gobernuak atera duen kanpaina berria

2017ko abenduaren 12a

 Euskarabideak, ekimen honen bitartez, euskara teknologia berrietara egokitutako hizkuntza modernoa dela erakutsi nahi du

Nafarroako Gobernuak, abenduan, bigarren urtez jarraian, euskararen ospe soziala sustatzeko kanpaina bultzatuko du, eta Foru Komunitateko hizkuntza koofiziala milaka nafarrek erabili ohi duten hizkuntza bezala aurkeztuko du, Euskarabideak egindako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera.

Kanpainaren lelo nagusia, iaz, euskararen aldeko ekimenaren lehen edizioan, erabilitako bera da: “Euskara gurea, denona / El euskara de todos y todas”, eta euskararen erabileraren egunerokotasuna eta komunikazio digitalaren aroan duen baliagarritasuna erakutsi nahi dira. Horretarako, pertsonen eguneroko lau eszena hautatu dira hizkuntza hori erabiliaz gailu digitaletan; hain zuzen ere, ostalaritzako lokal batean kokatu dira eta Nafarroan, Euskararen Foru Legeak ezarritako hiru zona linguistikotako herrietako hiru eskenatokitan: Lesaka (zona euskalduna), Iruña (zona mistoa) eta Tutera (zona ez euskalduna).

Euskarabideak adierazi du ekimenaren helburua dela euskarak duen erabilgarritasuna eta arlo pertsonalean zein profesionalean duen erabilera erakustea: “euskara tresna baliagarria da alderdi guztietan”, esan dute erakunde autonomokoek.

Sustapen-kanpaina abenduaren 11n, astelehenean, hasiko da komunikabideetan (egunkariak, tokiko aldizkariak eta irrati-igorgailuak) nahiz Iruñerriko, Tuterako eta Lizarrako hiri-autobus zerbitzuetako markesinatan. Halaber, Euskarabideak profila duen sare sozialen bidez zabalduko da; hala nola, Twitter, Facebook eta Youtube. Helburu horretarako, Nafarroako Gobernuak 50.000 euro inguruko inbertsioa egingo du.

Euskara, hizkuntza bizia

Euskara indarra hartzen ari da azken garaietan, eta mundu osoan 750.000 pertsonak hitz egiten dutela balioesten da. Ethnologue web orrialdearen arabera, lurrean 7.106 hizkuntza hitz egiten dira, eta euskara 500. postuan egongo litzateke. Interneteko erabilerari dagokionean, berriz, W3techs-en arabera, 51. postuan legoke.

UNESCOk dio euskara 42. lekuan dagoela, sarean gehien itzulitako orrialdeen zerrendan, eta nabarmendu behar da Interneteko enpresa askok eta askok, tartean Google, Facebook, Youtube, Twiter, Live, Wikipedia edo Wordepress, euskarazko bertsioa badutela.

Wikipedia 85.000 orrialdetik gora daude hizkuntza honetan; hori dela-eta, 31. postuan kokatzen da. Estatistiken inguruko Alemaniako Bulegoak hizkuntzen garrantziari buruzko azterketa egiten du Alemaniarekiko trukeari dagokionean, eta, Barne Produktu Gordinaren arabera, euskara 37. postuan kokatzen du, nazioarteko hizkuntza komertzial garrantzitsuenen artean.

Gogoratu behar da 1545. urtean argitaratu zela euskarazko lehen liburua; hots, Bernard D´Echepareren “Lingua Vasconum Primitiae”, eta, gaur egun, 1.700 liburu argitaratzen direla hizkuntza honetan, urtean gutxi gorabehera 3 milioi ale.

Halaber, euskararen garrantziari dagokionez, aipatzekoa da egun komunikazio sozialeko ehun hedabide baino gehiagotan komunikazio-hizkuntza edo bigarren hizkuntza bezala erabiltzen dela, tartean, egunkarietan, aldizkarietan, irratietan edo telebistetan.